Familia osoarekin batera naturaz gozatzea gustatzen bazaizu, gaurko plana ezin hobea da horretarako. Autoan soilik 25 minututara dauden 2 parke naturalez gozatu ahalko duzu. Hain zuzen, Urkiolako eta Gorbeiako parke naturalak dira txango honetako protagonista nagusiak.
Bi ibilbide labur bezain eder zeharkatuz, parke horietaz gozatzea eta bi naturagune horien arteko desberdintasun nagusiak topatzea eta ikustea proposatzen dizuegu gaurkoan.
GOIZEAN
Nahi den hurrenkera jarraitu daitekeen arren, lehendabizi Urkiolako parke naturala bisitatuz hasiko gara gu. Gure bisitari ekiteko, Urkiolako monasterioaren inguruan utziko dugu ibilgailua.
San Antonio Abadearen eta San Antonio Paduakoaren santutegia bisitatzea ia derrigorrezkoa da, Euskadiko tenplu erlijioso zaharrenetariko bat baita. Handik 500 metro eskasetara, Hiru Gurutzeen Begiratokia dago, naturagune honen ikuspegi panoramiko bikaina eskainiko diguna.
Oinez ibiltzea gogoko izanez gero, monasteriora itzuli eta soilik 3,5 km dituen PR BI 80 ibilbidea egin daiteke, Urkiolako edertasuna hobeki dastatzeko.
Ibilaldia egin ondoren, Urkiola gainaldean bertan bazkaldu dezakegu, jatetxe bat baino gehiago baitago bertan; osterantzean, gure hurrengo helmugarako bidean dagoen beste udalerriren batera joan gaitezke bazkaltzera. Beste aukera on bat Otxandiora joatea izan daiteke.
Udalerri horrek eraikin interesgarri ugari dauzka; udaletxea bera, adibidez, 1742an eraikia eta monumentu nazional izendatua, Otxandioko eraikin adierazgarriena dela esan dezakegu. XVI. mendeko Santa Marina eliza ere aipagarria da, bere dorre bikainari eta estilo errenazentista duen bere nabe handi bateratuari esker nabarmentzen dena. Halaber, kultura-etxearen eraikina XIX. mendekoa da.
Horiek ikusteaz gain, memoriaren ibilbidea egin daiteke Otxandion, gerra zibilak udalerri honetan utzi zituen arrastoetan barrena doana.
ARRATSALDEAN
Arratsaldean, Saldropoko hezegunera hurbilduko gara. Eremu hori izugarri kaltebera da, baina hezegunearen ertzetik doan ibilbide bati jarraituz espazio horretaz gozatzeko aukera izango dugu. 2,5 kilometro besterik ez dira, eta oso ondo seinaleztatuta dago bidea. Gehienez, ordu bete beharko dugu ibilbidea burutzeko. Ibilaldia amaitzean, aisialdi-guneez gozatu ahalko dugu.
Hiru gune horiek bisitatu ondoren, amaitutzat emango dugu gaurko txangoa.
Non jan plan honetan: www.euskadigastronomika.eus
Non ostatu hartu plan honetan: www.nekatur.net
Datu orokorrak
Informazio gehiago:
Urkiolako Parke Naturaleko Parketxea / Toki alai, Urkiola (Abadiño) / 946 814 155
Gaztelania, Euskara
Gomendioak