Gaurkoan Arabako Lautadaren eskualdera gerturatuko gara, betidanik topaguneen eta bidegurutzeen lurraldea izan den eskualdera. Gaur ere funtzio bera dauka, izan ere, N1 autobiak eta Madril-Irun trenbideak zeharkatzen dute lautada hau, eta horrek lotura bikainak eskaintzen dizkio. Eskualde honek ibilbide interesgarriak dauzka bisitariarentzat bere ondare historikoa eta naturala ezagutzeko. Gaur, familian egiteko moduko ibilbide bat egingo dugu oinez Zirauntzan, gero Zalduondo bisitatuko dugu eta Garaioko hondartzan amaituko dugu azkenik, bandera urdina duen aisialdi-gunean, atseden hartzeko eta bere ingurune naturalaz gozatzeko.
GOIZEAN
Eguneko plan honi hasiera emateko Araiara gerturatuko gara, zehazki, Intutxi auzora, Aizkorri-Aratz Parke Naturalaren alboan. Gaurko asmoa, 5 kilometroko bide zirkular bati jarraituz, Zirauntza ibaiaren ingurunea ezagutzea da. Ibilbide aparta da haurrak izanik ingurune honetara hurbildu eta bazter hauek ezagutu nahi dituzten familientzat.
Mitxarro Museoaren alboan utziko dugu gure ibilgailua, eta botak jantziko ditugu egunari hasiera emateko. Baliza zuri eta berdez ondo seinaleztatutako bide bat da (SL-A-14), zailtasun urrikoa, gutxi gorabehera ordu eta erdian egiten dena. Pagadien basoak zeharkatzeaz gain, Ajuria eta Urigoitia (1848) burdinola zaharren albotik pasako gara, eta egun itxita dagoen industria honek iraganean burdinarekin zeukan loturaren berri emango digu.
Ibilbide labur hori egin ostean, Zalduondora joango gara, Araiatik 5 minutu eskasetara dagoena. Zalduondon, Lazarraga-Amezaga Jauregiaren barnean dagoen Museo Etnografikoa bisitatu ahalko dugu, igandeetan zabalik, 12:00etatik 14:00etara . Bere edukiak heterogeneoak dira eta eskualdeko historiaren, geografiaren, etnografiaren, folklorearen eta artearen askotariko ikuspegiak eskaintzen ditu, hein handi batean, Donejakue Bidean dagoen udalerria izatearen ondorioz kokagune estrategikoa duelako.
Erdi Aroko bere bi zubiak (Zubizabal eta Txaroste) ikustea eta haien ingurune naturalean barrena paseo atsegin bat egitea ere gomendagarria da.
ARRATSALDEAN
Goizeko bisitaren ondoren bazkaldu eta indarberritzeko aukera ugari ditugu; adibidez, Araiara itzultzea (5 km) edo Aguraingo udalerrira gerturatzea (6 km). Azken horretara joanez gero, merezi du bere hirigune historikoa ezagutzeko bisita bat egitea eta herriko giroaz gozatzea.
Bazkaldu ondoren, Garaioko Parke Probintzialerantz abiatuko gara, izena eman zion garai bateko herriaren alboan kokatuta dagoena, Uribarri Ganboa urtegiaren urertzean. 100 hektarea baino gehiagoko penintsula txiki bat osatzen du, aisialdi-jardueretarako bikaina dena; oinez edo bizikletaz ibiltzea, inguruko hegaztiak behatzea, kometak hegan jartzea, edo besterik gabe eguzkia hartzea eta uretan ibiltzeko egokitutako guneetan bainu bat hartzea dira egin daitezkeen jarduera interesgarrienetako batzuk, baina badira aukera gehiago ere. Azpiegitura zoragarria dauka, besteak beste, aparkaleku zabal bat, autokarabanak, bisitarien zentro bat, komunak, dutxak, behatokiak, hegaztiak behatzeko guneak eta abar. Azken batean, inguruneaz gozatuz eguna pasatzeko behar den guztia dauka.
Iluntzea une bikaina da inguruko hegaztiak behatzeko, batez ere Mendixurren, Garaioko sarreran.
KONTRATA DAITEZKEEN ZERBITZU-ENPRESAK:
Non jan plan honetan: www.euskadigastronomika.eus
Non ostatu hartu plan honetan: www.nekatur.net
Datu orokorrak
Informazio gehiago:
Aguraingo Turismo Bulegoa / Kale Nagusia, 8 / 945 302 931
Gaztelania, Euskara
Gomendioak