Arrazolako trenbide zaharraren gaineko Bide Berdeak Atxondoko haran zoragarria zeharkatzen du; handik hurbil, Elorrioko hiribildu monumentala daukagu. Bata eta bestea uztartuta, aparteko euskal pack turistiko bat sortu dugu: mendi, belardi eta baserrietan barrena ibiltzeko aukera, kalitatezko gastronomia indarrak berritzeko, eta historia eta ondare artistiko erakargarria eguna amaitzeko.
GOIZEAN
Goizean goiz, ibilaldi atsegin bat Arrazolako bide berdean barrena, Atxondoko haranean. Arrazolako meatze-trenbide zaharra, "Aurrera" izeneko lurrun-lokomotora trenaren buruan zeramala, Arrazola ibaiaren ondotik jaisten zen patxada ederrean, Apatamonasterioko erdiguneraino. Gaur egun, Atxondoko haran ederra iparretik hegora zeharkatzeko aukera ematen digu bide berdeak, era Anbotoren oinetaraino eramaten gaitu, Urkiolako parke naturalaren gailurrik gorenaren atarian.
5 kilometroko bidea da, gutxi gorabehera, malda gutxirekin, eta baserriz —horietako batzuk, jatetxeak— zein paisaia ederrez inguratua. Arrazola ibaiaren ondotik egiten du aurrera, garai batean Errotabarriko meategietaraino iristen zen trenbide zaharrean barrena.
Familiarekin egiteko ibilbide ezin hobea da. Ibilbidean zehar, jolaserako eta atseden hartzeko guneak aurkituko ditu bisitariak.
Nahi badugu, joaneko bidea soilik egin dezakegu, eta gero autobusa hartu Apatamonasteriora itzultzeko, edo bestela, joan-etorria oinez egiteko aukera ere badugu (2,5 ordu, gutxi gorabehera).
Ibilaldia amaitu eta haranean bertan —jatetxe ospetsuetan edo piknikgunean— bazkaldu ondoren, Elorrioko hiribildu monumentala bistatuko dugu. Bere parte zahar zoragarriak Monumentu Historikoaren kalifikazioa lortu du. Elorrioko kaleetan jauregi eta oinetxe ederrak ditugu ikusgai, guztiak ere harrizkoak eta harlanduzkoak. XVII. eta XVIII. mendeetakoak dira gehienak, eta armarriek jabeen leinuaren berri ematen dute aditzera. Ibilbide heraldikoa da gure bisitarako aukeretako bat.
Zearsolo Jauregia edo “Jara etxea” eta Urkizu Tola Jauregia (biak barrokoak); Arespakotxaga Jauregia, eta, haren ondoan, Don Telloren Atea (harresiak zeuzkan sei ateetatik zutik iraun duen bakarra); eta Santa Ana monasterioa (Balendin Berriotxoaren estatua eta museoarekin) ikus ditzakegu, beste hainbat monumenturen artean. Haien ondoan, XVI. mendeko hainbat gurutze. Parte zaharraren erdian, Gernikako Arbolaren plazan, Udaletxea eta Sortze Garbiaren eliza dauzkagu.
ARRATSALDEAN
Argiñetako nekropolia ere ikusi beharra daukagu, Elorrioko erdigunetik 2 kilometro eskasera: elementuen ugaritasun eta kalitatearengatik zein haietako batzuen urruneko kronologiatik (VII.-IX. Mendeetakoak dira), Euskadiko hileta-monumenturik garrantzitsuenetako bat da.
Hogei hilobiz eta bost estelaz osatutako nekropoli hau San Adrian tenpluaren aurrean dago, Elorrioko inguruetan. Monumentuak Goi Erdi Aroan eraiki ziren, inguruko auzoetako (Mendraka, Miota, Berrio) nekropolietan erabiltzeko, baina XIX. mendean egungo kokapenean elkartu zituzten, sinbolismoz eta magiaz betetako gune bat sortzeko.
Non jan plan honetan: www.euskadigastronomika.eus
Non ostatu hartu plan honetan: www.nekatur.net
Datu orokorrak
Informazio gehiago:
Berrio-Otxoa kalea, 15
946 820 164 / 688 776 270
Arrazolako Bide Berdea: www.viasverdes.com
Elorrio: www.visitelorrio.com
Ingurunea: www.basquemountains.com
Gaztelania, Euskara
Gomendioak