Gaurkoan Aiarako lurraldeko historiaren zati bat ezagutuko dugu. Gaurko txangoa Kexaa herriko monumentu-multzora hurbilduz abiaraziko dugu, eskualde honetako Erdi Aroko historian barrena.
Ondoren, oinezko ibilbide bat eginez, XX. mendeko historia berriagoa ezagutzera gerturatuko gara, Espainiako Gerra Zibilarekin lotutako lurralde honetako aztarna interesgarrienetako batzuk ikustera; lubakiak, kasamatak eta beste zenbait elementu izango ditugu gure zain.
GOIZEAN
Goizean, Kexaara abiatuko gara, Artziniegako udalerritik 10 kilometro eskasetara dagoena. Gure lehenengo geldialdia Kexaako monumentu-multzoan egingo dugu, 1984an Euskal Herriko Monumentu Nazional izendatu zuten horretan. Aiaratarren jauregi-gotorlekuaz —gaur egun Arte Sakratuaren Museoa barne hartzen duenaz—, Biloaren Ama Birjinaren kapera-dorretxeaz, Domingotarren komentu zaharraz eta San Joan Bataiatzailearen elizaz osatuta dago. Kapera-dorretxearen beheko solairua bereziki aipagarria da, Aiaratarren hilobiak eta jatorrizko erretaula gotikoaren XIV. mendeko kopia baitauzka. Bisita honi esker, Petri Lopez Aiarakoa pertsonaia entzutetsuari buruz zerbait gehiago ikasteko aukera izango dugu.
Bisitaren ondoren, inguruko herriren batean bazkaltzea erabaki dezakegu, esate baterako Laudion edo Artziniegan. Azken horretan bazkaltzea hautatuz gero, 1995ean Monumentu-multzo Historiko izendatu zuten Erdi Aroko hiribilduan barrena ibiltzeko eta berau ezagutzeko aukera izango dugu. Bere eraikinen artean, honako hauek dira aipagarrienak: Artziniegako Dorrea, ate klasizista monumentala daukan jauregitxo errenazentista ederra, Ama Agustindarren komentua eta XIX. mendeko Udaletxe Zaharra.
ARRATSALDEAN
Goizeko bisitaren ondoren indarberritu eta gero, Laudiora gerturatuko gara; heldu da 2 ordu inguruko oinezko ibilbideari ekiteko garaia. Ibilbide honek historia hurbilean barrena eramango gaitu, Gerra Zibilarekin lotutako historian barrena: Burdin hesia. Burdin Hesia tropa frankistak Bilbon sartzea saihesteko eraiki zen, eta bere 80 kilometroetan zehar zabalduta bunker, tunel eta lubakiak dauzka. Lubaki hori eraikitzeko baliabide fisiko nahiz ekonomiko ugari inbertitu ziren, eta gaur horietako batzuk ikusi ahalko ditugu.
Ibilbideak 8 kilometro ditu eta familian egin daiteke, bidea adierazteko jarrita dauden seinaleei eta panelei jarraituz.
Non jan plan honetan: www.euskadigastronomika.eus
Non ostatu hartu plan honetan: www.nekatur.net
Datu orokorrak
Informazio gehiago:
Gaztelania, Euskara
Gomendioak