natura
Biotopo babestua
Gipuzkoako kostaldearen mendebaldean, Deba eta Zumaia artean, 8 kilometroko itsaslabarra dago, itsasoraino heltzen diren haitz malkartsuek irudikatutako inguru ikusgarria, Euskadiko naturgune ederrenetakoa, hain zuzen: Flysch-a.
Geologiaren ikuspuntutik, munduko tokirik garrantzitsuenetakoa dugu gainera; balio geologiko eta geomorfologiko handiko elementuak ditu (nazioartean sona handia dute), baita euskal itsaslabarreko itsas ekosistema aberatsena ere. Inguru hartara oinez bakarrik irits daitekeenez, natur ondarea ondo gorde da urteen joan-etorrian. Hori dela-eta, 2010. urtean Euskal Kostaldeko Geoparkea izendatu zuten, barrualdeko eremu karstikoarekin batera.
Itsaslabarron oinetan, marearteko zabalgune edo urradura plataforma izeneko fenomeno bat (mundu mailan ezaguna den Flysch-ean apurka zizelkatua) gelditzen da agerian itsasbeheran. Milaka urtetan olatuek labarretan egindako higadurak hainbat harkaitz geruzatan antolatzen den zabalgunea eratu du. Material gogorrez (kareharriak eta hareharriak) eta bigunez (tuparriak eta buztin-harriak) egindako geruzak tartekatzen dira eta haitzok forma bitxiak sortzen dituzte.
Kretazeo garaian, lurzoruaren mugimenduek eragin nabarmena izan zuten jatorriz lauak ziren zabalgune horietan; izan ere, batzuk bertikal jarri zituzten eta, horrela, itsaslabar malkartsuak eratu ziren Mendata, Sakoneta eta Pikoten.
Flyscharen geruzetan topatutako materialek geologiaren santutegi bihurtu dute naturgunea. Hala, mundu osoko geologoak etortzen dira ikerketak egitera, Lurrean azken 50 milioi urteetan klimarekin, biologiarekin eta geologiarekin zerikusia duten gertakari garrantzitsuenak jasotzen baitituzte harkaitz geruzek: dinosauroen desagerpena (Kretazeoa/Tertziarioa), ziklo klimatikoak edota Lurraren azken berotzea (Paleozenoa/Eozenoa).
Horrez gainera, Itzurungo hondartzaren itsaslabarra Paleozenoko bi une garrantzitsu aztertzeko munduko lekurik onena da. Denboran zehar bidaia zoragarria egiten dugun bitartean mundu berri bat ezagutzeko aukera bikaina izango dugu.
Oharrak
Algorri Interpretazio Zentroak eta Zumaiako turismo bulegoak mendi-ibilaldiak, bisita geologiko gidatuak eta ontzian irteerak egiteko aukerak eskaintzen dituzte. Horrez gainera, Begi Bistan turismo aktiboko enpresak ingurune horrekin lotutako jarduerak antolatzen ditu. Tel. 657 794 677