Biotopo Babestua | Laguardiako Aintziren Biotopo Babestua | Euskadiko naturguneak | Turismoa Euskadi
Joan edukira
Laguardiako Aintzira

Laguardiako Aintziren Biotopo Babestua

natura

Biotopo babestua

Guardiako aintzirak Arabako Errioxaren bihotzean dagoen Biotopo Babestua da, Guardia harresiz inguratutako herritik oso gertu. Iparraldean Toloño Mendilerroa, mendebaldetik ekialdera eskualdearen muga ezartzen duen mendigunea, gailentzen da paisaian.

 

Aintziretara erraz iritsiko gara Laguardiatik. Horretarako, errepide nagusia hartuko dugu Logroñorako noranzkoan eta mahastietan barneratzen diren hainbat landa-bidetatik joango gara.

 

Ezaugarri bereziak dituelako izendatu zuten biotopo babestu lau urmael hartzen dituen aintzira-multzoa. Carravalseca eta Carralogroño aintziretan, esaterako, irudi bitxia ikus dezakegu, batez ere, uda garaian. Gatzaren zarakarrak zuritutako sakonune lehor eta lauak topatuko ditugu bertan.

 

Urtaro hezean metatutako ura lurrintzen denean sortzen da gatza. Izan ere, leku horietan pilatzen den urak ez du inolako irteerarik, ez baitu inolako ibai edo errekastorekin lotunerik. Inguruetako muinoetatik jaisten den urak eta euriak berak sortzen dituzte urmaelok. Euri-garaian urez betetzen dira, baina gerora, lurruntzearen ondorioz, ura galtzen dute, eta uretan disolbatutako gatza gainazalean gelditzen da.

 

Musco izeneko aintzira ere ageri da naturgunean, baina azken hau lehortuta dago, bertako lurrak laborantzan erabili zituztelako. Dena den, urmaela berreskuratzeko lanean dabiltza orain. Paulgo Praoko urmaela, berriz, ez da berez sortu. Erreka batetik datorren ura erabili zuten urtegi txiki hori egiteko. Aintziraren inguruan, gainera, bide bat dago, baita migrazio garaian urmaelok atsedenleku gisa erabiltzen dituzten hegaztiei behatzeko tokiak ere.

 

Aintzira-multzo hau interes handikoa da, geologiaren ikuspegitik zein floraren eta faunaren ikuspuntutik. Hala, nazioartean garrantzia duten eremu hezeen zerrendan sartu dituzte Laguardiako aintzirak, Ramsar Hitzarmenaren bidez. Ardogintza tradizio handiko eskualdean dago naturgune paregabea eta, horrez gainera, historiaurreko aztarnategi asko aurkitu dituzte inguruetan, Sorginen Txabola trikuharria eta La Hoya herrixka, besteak beste.

 

Oharrak

Pertsona ezinduak Paulgo Praoko urmaela inguratzen duen bidera joan daitezke, baina euria egiten duenean ez da komenigarria izaten, ingurua lokaztu egiten delako. 18-20 bat lagunentzako behatokia dago hegaztiak ikusteko (giltzak turismo bulegoan eska daitezke). Mendi-ibiliak edota bizikletan ibiliak egiteko bideak daude Arabako Errioxan. Ardoaren eta arrainaren bidea (GR-38) da horietako bat: Oiondik Otxandiora, Araba hegoaldetik iparraldera zeharkatzen du Bizkaiko kostaldera, Bermeora edota Lekeitiora, iritsi arte.

Datu interesgarriak

Sailkapena
Biotopo babestua
Udalerria
Informazioa

Laguardiako Turismo Bulegoa Telefonoa eta Faxa: 945 600 845 Emaila: turismo@laguardia-alava.com

Zerbitzuak

  • Aisialdirako gunea
  • Behatokia
  • Kanpaldia egiteko debekua
  • Kirol eta gimnasia ibilbidea