Euskadi Basque Country
 
Euskadiko Turismo Ataria
euskadi.eus

NABARMENDUAK

 

NATURA

Biotopo babestua

Laguardiako Aintziren Biotopo Babestua

Laguardiako Aintziren Biotopo Babestua

Arabako Errioxaren bihotzean dago Biotopo Babestua, Laguardia harresiz inguratutako herritik oso gertu. Iparraldean Toloño Mendilerroa, mendebaldetik ekialdera eskualdearen muga ezartzen duen mendigunea, gailentzen da paisaian.

Aintziretara erraz iritsiko gara Laguardiatik. Horretarako, errepide nagusia hartuko dugu Logroñorako noranzkoan eta mahastietan barneratzen diren hainbat landa-bidetatik joango gara.

Ezaugarri bereziak dituelako izendatu zuten biotopo babestu lau urmael hartzen dituen aintzira-multzoa. Carravalseca eta Carralogroño aintziretan, esaterako, irudi bitxia ikus dezakegu, batez ere, uda garaian. Gatzaren zarakarrak zuritutako sakonune lehor eta lauak topatuko ditugu bertan.
Urtaro hezean metatutako ura lurrintzen denean sortzen da gatza. Izan ere, leku horietan pilatzen den urak ez du inolako irteerarik, ez baitu inolako ibai edo errekastorekin lotunerik. Inguruetako muinoetatik jaisten den urak eta euriak berak sortzen dituzte urmaelok. Euri-garaian urez betetzen dira, baina gerora, lurruntzearen ondorioz, ura galtzen dute, eta uretan disolbatutako gatza gainazalean gelditzen da. Musco izeneko aintzira ere ageri da naturgunean, baina azken hau lehortuta dago, bertako lurrak laborantzan erabili zituztelako. Dena den, urmaela berreskuratzeko lanean dabiltza orain. Paulgo Praoko urmaela, berriz, ez da berez sortu. Erreka batetik datorren ura erabili zuten urtegi txiki hori egiteko. Aintziraren inguruan, gainera, bide bat dago, baita migrazio garaian urmaelok atsedenleku gisa erabiltzen dituzten hegaztiei behatzeko tokiak ere. Aintzira-multzo hau interes handikoa da, geologiaren ikuspegitik zein floraren eta faunaren ikuspuntutik. Hala, nazioartean garrantzia duten eremu hezeen zerrendan sartu dituzte Laguardiako aintzirak, Ramsar Hitzarmenaren bidez. Ardogintza tradizio handiko eskualdean dago naturgune paregabea eta, horrez gainera, historiaurreko aztarnategi asko aurkitu dituzte inguruetan, Sorginen Txabola trikuharria eta La Hoya herrixka, besteak beste. Oharrak Pertsona ezinduak Paulgo Praoko urmaela inguratzen duen bidera joan daitezke, baina euria egiten duenean ez da komenigarria izaten, ingurua lokaztu egiten delako. 18-20 bat lagunentzako behatokia dago hegaztiak ikusteko (giltzak turismo bulegoan eska daitezke). Mendi-ibiliak edota bizikletan ibiliak egiteko bideak daude Arabako Errioxan. Arrainaren eta ardoaren bidea (GR-38) da horietako bat: Oiondik Otxandiora, Araba hegoaldetik iparraldera zeharkatzen du Bizkaiko kostaldera, Bermeora edota Lekeitiora, iritsi arte.


Zerbitzuak: Aisialdirako gunea / Behatokia / Kanpaldia egiteko debekua / Kirol eta gimnasia ibilbidea
Irisgarritasuna
Eskaintzak
Datu orokorretara itzultzea
Non

Datu interesgarriak

Sailkapena: Biotopo babestua
Udalerria: Laguardia
Informazioa:

Laguardiako Turismo Bulegoa
Telefonoa eta Faxa: 945 600 845
Emaila: turismo@laguardia-alava.com

Euskadi, auzolana