natura
Geoparkea
Euskal Kostaldeko Geoparkeak 90 kilometro karratu inguruko azalera hartzen du, Deba, Zumaia eta Mutriku Gipuzkoako udalerrien artean, eta ia 19.700 lagun bizi dira bertan.
UNESCOren Munduko 120 Geoparkeetariko bat da.
Geologia da benetako protagonista lurraren historia berriaren pasarterik zirraragarrienetako batzuk gorde dituen paisaia honetan. Geoparkeko labarrek arroka-geruzen formazio ikusgarria (flyscha) osatzen dute 13 kilometroan, Lurraren 60 milioi urtetik gorako historia erakusten digutenak, entziklopedia handi baten antzera.
Barrualdeko zatia karstikoa da, eta Gipuzkoako kobazulo gehienak hartzen ditu. Guztien artetik, Ekaingo kobazuloak (Deba) merezi du aparteko aipamena: UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatu zuen 2008an, eta Zestoan bisita daitekeen erreplika (Ekainberri) bat eraiki zuten.
Kostako eta barrualdeko zatia erraz bereizi daitezke. Izan ere, geologia, kultura eta paisaia aldetik oso desberdinak dira.
Geoparke baten ezaugarri nagusiak
Balio handiko ondare geologikoa izateagatik nabarmentzen den biztanleria-gunea da geoparkea. Kultura eta natura ondare aberatsa ere izan dezake. Hori horrela, inguruneari balio gehiago emateko eta garapen jasangarria sustatzeko estrategia bat martxan jartzen da, aldi berean bertako biztanleen bizi-baldintzak hobetzeko.