Nafarroako Urbasa mendizerraren mendebaldean hazten da Entzia mendizerra. 4.991,4 hektareako eremu natural hau Arabako ipar-ekialdeko mugan dago eta oso erraza da bisitatzen. Horren zatirik handiena goi-lautada da eta hegoaldetik zein iparraldetik bat-bateko jausia du Arabako Lautadara batetik eta Haranera bestetik.
Iruña eta Gasteiz lotzen dituen autobidetik (Araba eta Nafarroa artean) Legunbe (1.127 m), Ballo (1.197 m) eta Arrigorrista (1.143 m) tontorren kareharrizko gailurreria izugarri eta zorrotzak ikus daitezke. Agurainen, Opakuako mendatera doan saihesbidea hartuko dugu eta erkametz eta pago basoen artean joango gara gora. Horrela, azkar iritsiko gara 1.000 metroko altitudera, goi-lautadara; larreak, txilar eta orre sasiak eta pagadi bikainak aurkituko ditugu bertan.
Zonalde hau Opakuako mendateak zeharkatzen du, eta saihesbide bat du lautadaren erdian (Iturrieta); bide horrek Erroitegi eta Erroeta herrixketara (Arabako garaienak) eramango gaitu. Handik hurbil, Igoroin troka sakona bisita dezakegu. Musitu ibaiak zulatutako troka honek erkametzez beteriko basoak ditu hegaletan. Trokan bertan Igoroin herri zaharraren (Laminoria haranean zegoen) hondarrak aurkituko ditugu.
Ibilbidearen beste adar batetik Santa Teodosiaren (1.060 m) ermitara iritsiko gara. Lizar ederrak (horietako bat zuhaitz berezi gisa katalogatu dute) dituen parke bat dago handik hurbil. Opakuako mendateko errepide nagusitik beherantz jarraituta Kontrastara eta Entziako hegoaldeko gailurren (Murube, San Kristobal eta Abitigarra) eta Lokiz gailurreriaren artean dagoen haranera iritsiko gara.
Goi-lautadaren sarbide errazak eta gailurretatik ikus daitezkeen bista ikusgarriek mendizale anitz erakartzen dituzte. Izan ere, oinez nahiz mendiko bizikletaz ibilbide ugari egiteko aukera dago. Paisaia ederraz gozatzeaz gainera, historiaurreko hondarrak (monolitoak, harrespilak, dolmenak, tumuluak, haitzuloetan edo kanpoan dauden aztarnategiak...), artzain-tradizioaren erakusgarriak, ikusi ahalko ditugu. Balio handiko monumentu megalitikoak dira, bai euren tamainagatik bai kontserbazio-egoera onagatik, eta Sorginetxe eta Egileor dolmenak, Mendiluzeko harrespila eta Itaidako menhirra dira ezagunenak.
Oharrak
Inguru Abentura enpresak natur gune honetan ongi pasatzeko aukera eskaintzen digu hainbat kirol praktikatuz: amildegi-jaitsiera, ibilbideak mendiko bizikletan, eskalada, rappela, zubi-jauzia, espeleologia, mendi-ibiliak, ibiliak zaldiz, ibiliak hegazkin-txikiz, piraguismoa, bi lagunentzako parapentea... Informazio gehiago jasotzeko, Inguru Abentura enpresara deitu. Tel.: 635 748 947 edo 635 748 948.
Zerbitzuak: Haitzuloak / Basozaina / Monumentu / Behatokia / Kanpaldia egiteko debekua / Kirol eta gimnasia ibilbidea
Datu interesgarriak
Babestutako naturgunea laster
Aguraingo Koadrilako Turismo Bulegoa
Kale Nagusia, 8 (Agurain)
Tel. 945 302 931
Email: turismo@cuadrillasalvatierra.org
Entziako partzuergoa Tel. 945 312 150
Informazio gehiago