natura
Hegaztiak behatzeko tokiak
Laguardiako aintzirak lau hezegune dira, Arabako Errioxako herri berezi horren inguruetan kokatuak.
Hezegune horietako hiruk jatorri natural endorreikoa dute eta oso gaziak dira. Basahate, kopetazuri, txilinporta, murgil, uroilanda handi eta zingira-mirotzen ugalketarako gunea da, eta amiltxori eta koartza gorri eta hauskaren kolonia bat ere finkatu da bertako lezkadietan.
Migrazio-pasoetan eta negupasan hainbat espeziek, anatidoek eta lohietako espezieek batik bat, bertan hartzen dute atseden, eta txori zezen arraroa ere agertzen da noizbehinka.
Aintziren inguruan Arabako Errioxako berezko paisaia ageri da: mahastiak, arbendolondo-unadak eta sastraka mediterraneoko eremuak, non banaketa mediterraneoko hegaztiek habiak egiten dituzten, hala nola buztanzuri horiak, txoriandre arruntak edo erlejaleak. Seinaleztatutako zenbait bidezidorrek aintzira horiek guztiak lotzen dituzte, eta gune interesgarri batzuetarako atea irekitzen digute, bertako bizitza ikusteko toki ezin hobeak.
Babes-figurak: Ramsar hezegunea, Natura 2000 sarea eta biotopo babestua.
Birding Euskadiren informazio-bulegoa: Guardiako turismo-bulegoa, Kale Nagusia 52. Laguardia 01300 (Araba) Tf 945 600 845 turismo@laguardia-alava.com http://www.laguardia-alava.com
Ibilbide ornitologikoak: - Laguardiako aintzirak - Prao de la Paul urtegiko bira