Arte eta Kultura
Museoak
Guggenheim Bilbao arte moderno eta garaikideko museo bat da, eta bere bildumako aurkezpenak eta aldi batera erakusketen asmo handiko programa bat konbinatzen ditu.
Guggenheim Bilbao Museoa, "Bilbao berria" deritzonaren ikurra, XX. mendeko proiektu kultural garrantzitsuenetarikoa da.
Museoaren bilduma iraunkorrak azken lau hamarkadetako artistarik esanguratsuenen lanak jasotzen ditu, baita Solomon R. Guggenheim Foundation elkarteak maileguan utzitako artelanak ere. Horrez gainera, Fundazioak babestuta, programazio berezia eskaintzen du. Guggenheim Bilbao Museoko hainbat aretotan muntaia monografiakoak daude ikusgai; beste batzuetan, aldiz, Museoan erakusteko espresuki egindako lanak daude.
Halaber, Euskadiko eta Espainiako Estatuko arte garaikideak ere aparteko lekua dute Museoan. Lan horiek eta bilduma iraunkorra osatzen duten gainerako guztiek egungo joeren ikuspegi zabala eskaintzen dute.
Guggenheim Bilbao Museoko bildumak izaera propioa du, baina, aldi berean, gainerako Guggenheim Museoetako lanek osatzen dute. Egun, XX. mendearen bigarren erditik aurrerako artistarik garrantzitsuenen lanak daude ikusgai Guggenheim Bilbao Museoan; Eduardo Chillida, Yves Klein, Willem de Kooning, Robert Motherwell, Robert Rauschenberg, James Rosenquist, Clyfford Still, Antoni Tàpies eta Andy Warhol dira artista bikain horietako batzuk
Erakusketa iraunkorraren baitan Richard Serraren Denboraren materia, Jenny Holzerren Bilborako instalazioa, Jeff Koonsen Puppy, Yves Kleinen Suzko iturria, Louise Bourgeoisen Ama, Jeff Koonsen Idi-bihotzak, Daniel Burenen Arku Gorriak eta Fujiko Nakayaren Laino eskultura nabarmendu behar dira.
Guggenheim Bilbao Museoak ZERO aurkeztu du 2018ko abenduan, bisitariak Museoarekin lehenengo kontaktua izan dezan prestatutako aretoa. Proiekzio inguratzaile bat tarteko, bertaratzen dena Museoaren esperientzia osoago baterako prestatzen du gune honek. Atondoaren alboan dago ZERO, eta bisitari guztiei harrera egiten die, Museoren eta haren inguruko historiara zentzumenen bidez hurbiltzeko aukerarekin, eta Frank Gehryren arkitektura paregabearen eta Guggenheim Bilbao Museoaren Bilduma iraunkorreko artelanik esanguratsuenen gaineko ikuspegi desberdin batekin. Geometriaren eta pantaila handi baten gaineko proiekzio kurbatuaren bidez, ispiluz estalitako areto honetan ispiluek 14 aldiz biderkatzen dute mugimendudun irudia, ikuslea inguratu eta hari 300 graduko ikus-eremu kaleidoskopikoa eskaintzeko.
Besteak beste, erakusketak, kontzertuak, jaialdiak, hitzaldiak, film emanaldiak eta tailerrak hartu ohi ditu Guggenheim Bilbao Museoak. Kontsulta ezazu erakusketen agenda.
Udan: 10:00etatik 20:00etara
Irailaren 20tik aurrera: Asteartetik igandera 10:00etatik 19:00etara (astelehenak itxita, honako egun hauetan izan ezik: 2022ko urriaren 31n, abenduaren 5ean eta 26an)
Museoa itxiko da abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean.
Abenduaren 24an eta 31n arratsaldeko 5etan itxiko da.