Euskadi Basque Country
 
Euskadiko Turismo Ataria
euskadi.eus

NABARMENDUAK

 

Arte eta Kultura

Ondare kulturala

Pasai Donibaneko alde zaharra

Pasai Donibaneko alde zaharra

Pasai Donibaneko alde zaharra kale bakar batek osatzen du. Bizkaia auzoan hasi eta Alabortza kalaraino iristen da. Harrizko kale meharrek aparteko xarma ematen diote erdigune historikoari.

Bizkaia auzoan ekingo diogu gure ibilbideari; bertan, Platain Etxea ikusi ahalko dugu. XVI. mendean eraiki zuten, harlanduz eta adreiluz. Harri landuzko teilatu-hegala eta ondoko lorategira eramango gaituen galeria gorde ditu. Aldameneko etxea, aldiz, XVIII. mendekoa da, eta harlanduzko etxaurrea, teilatu-hegala eta balkoi korrituak ditu nabarmentzekoen artean. Orube sakon eta estuan, mehelin artean, egindako eraikinen adibide dugu. Hori ikusi ondoren, Donibane kalean sartuko gara.

Inguru horretatik oinez, hiriguneak bereizten dituzten hainbat pasabide bitxi aurkituko ditugu. Gainera, eraikin interesgarri eta deigarri mordoa ere ikusiko ditugu. Hasteko, San Joan Bataiatzailearen parrokia-elizarekin topo egingo dugu; gurutze latindar formako oinplanoa du eta harlanduzko hareharriz eginda dago. Eraikin erlijioso horren aurrean Arizabalo jauregi barrokoa -gaur egungo Udaletxea- dago. XVII. mendean egin omen zuten, eta eraikin ederra da oso. Oinplano laua eta lau isurkiko estalkia du. Fatxada nagusia simetrikoa da, eta erdian armarri bikaina du, bi dorrerekin.

Asko dira alde zaharra apaintzen duten etxeak. Zenbakien arabera sailkatuta daude, eta elementu deigarriak dituzte guztiek. Adibidez, XVI. mendekoa da Miranda izeneko etxe errenazentista. Eraikinak oinplano angeluzuzena eta hiru isurkiko estalkia du. Sarreran, horman erdi sartuta dauden bi zutabeak nabarmentzen dira; bakoitzaren gainean armarri bat dago. Horietako bat, Zizurkilgo San Millan familiarena da, eta bestea -oso egoera txarrean-, ustez, Villaviciosatarrena. Eraikin horri erantsita, Gabiria etxea ospetsua dago, Victor Hugo Etxea izenaz ezagunagoa. Pasaiako etxe tipikoa dugu, eta badiarekin zuzenean lotuta dago. XVII. eraiki zuten, eta Victor Hugo idazleak hartu zuen ostatu bertan, 1843. urtean.

Egun, "Victor Hugo, oroimenera bidaia" erakusketa dago ikusgai Victor Hugo Etxean. Hugok gurean utzitako marrazki eta idazkiak gogora ekartzeko era berezia dugu. Historian zehar idazle handi horri erreparatuta itzala utzi dutenei ere omenaldia egiten die. Etxe honetatik irtenda badiara iritsiko gara, eta aurrez aurre Pietatearen guruztokia ikusiko dugu. Zilindro-formako fustea eta kapitel manierista ederrak ditu azpimarratzekoen artean. Barruan aldare bat du, eta horren gainean, gurutze baten eta Pietatearen Ama Birjinaren irudia. Guruztokia errenazentista dela esan daiteke. Antzina, XVI. mendean, pasaiatarrek omenaldiak egiten zituzten bertan, txistuaz eta danbolinaz lagunduta. Guruztokiaren ondoan, Villaviciosa jauregi dotorea dago. XVI. mendeko etxe errenazentista aparta da, eta silarrizko hormak ditu. Eraikin eder horren fatxada nagusian dagoen plaka batek Lafayette markesa 1777an Amerikako Independentzia Gerrara joan zela gogora ekartzen du. Guruztokiaren ondo-ondoan Santa Ana baselizara eramango gaituzten eskailera batzuk aurkituko ditugu. Baseliza hori muino batean dago, portuari eta badiari begira. 1758. berreraiki zuten, baina, orokorrean, ezer gutxi dakite baselizaren jatorriari buruz. Barruan Ama Birjinaren irudia ikus dezakegu. Antza denez, Flandesen erosi zuten 1573an, eta itsasoz garraiatu zuten Pasaiaraino. Eskailerak jaitsita, Santiago plazaraino gidatuko gaituen arku bat zeharkatu beharko dugu. Herri eta marinel-arkitektura uztartzen dituzten hainbat etxe estu eta altu ikus ditzakegu bertan. Etxeok hiru, lau edo bost solairukoak dira, eta aurrealde osoa hartzen duten balkoi korrituak dituzte, egurrezko baranda margotuekin. Antzina udaletxea zen eraikin barrokoa nabarmendu behar da -1735ean egin zuten-. Oinplanoa angeluzuzena da, eta eraikinak hiru isurkiko estalkia du. Ez dio euskal udaletxeen estiloari jarraitzen; izan ere, horiek arku handiak zituzten. Plazatik irtetean Bonantzako Kristoren Basilikarekin topo egingo dugu. XVII. mendean eraikia, Erriberako San Joan gurtzeko, Pasai Donibaneko lehenengo parrokia izan zen. Mendebaldeko fatxadan "Lintxua" deritzon ate bat dago. Eguraldi txarra egiten zuen egunetan arrantza edo merkantzia-ontzien zain zeudenek hartzen zuten babes bertan. Hainbat itsasontzi-mota irudikatzen dituen zenbait ebaki edo tailu ditu. Silueta gehienak XVIII. mendekoak dira, baina XIX. mendeko batzuk ere badaude. Aldare nagusiko erretaula barrokoa da. Erdian, Bonantzako Kristoren irudia nabarmentzen da; ile gorrixka duenez, ingelesa dela diote. Ustez, Jeronimo Larreak egin zuen, XVII. mendean. Bideari jarraituta, txangoa bukatu baino lehen, Santa Isabel gazteluaren hondarrak aurkituko ditugu. 1621. urtean eraiki zuten, Karlos I.a enperadorearen aginduz, Pasaiako badia atzerriko guda ontzien eta pirata ontzien erasoez babesteko. Inguru guztia Pasaiako badiari begira dago eta, beraz, oso ohikoa da itsasontziak sartzen eta irteten ikustea. Gainera, Ulia eta Jaizkibel mendiek babesten dute.


Zerbitzuak: Komunak / Haur-instalazioak / Parkinga / Parkea / Jatetxea / Erakusketa-aretoa / Hitzaldi-aretoak
Irisgarritasuna
Eskaintzak
Datu orokorretara itzultzea
Non

Datu interesgarriak

Baliabide mota: Eraikuntzak edo egitura interesdunak
Monumentu mota:

Erdigune historikoa

Helbidea:   - 20110  Pasaia
Telefonoa: +34 943 341 556 (Turismo bulegoa) Telefonoa: +34 943 341 556 (Turismo bulegoa)
Helbide elektronikoa: turismoapasaia@oarsoaldea.eus
Garaia: Erdi Aroa
Euskadi, auzolana