Amaren upategiak | SAMANIEGO | ARABA | Turismoa Euskadi
Joan edukira

Non jan

Ardo upeltegiak Euskadin

Amaren upategiak

Produktu Cluba

Amaren upategiak, kalitate goreneko ardoak baino askoz gehiago dira. Lan gogorrari, tradizioari, mahastietako lanari, eskulanari, etxekoari eginiko oda bat da; eta osagai horiek guztiak oinarri batek eusten ditu: Ángeles, upategiaren bultzatzaile Juan Luis Cañasen amak. Hortik dator upategiaren izena, Amaren, "amarena" esan nahi baitu. Hain zuzen ere, lan gogorra eta ardogintzarekiko maitasuna dira Amaren ardoak egiteko prozesuaren ezaugarriak.

Etxeko 60 urtetik gorako mahastiek 22 hektarea hartzen dituzte eta 30-60 urte artekoek, berriz, 30 hektarea. Hainbat lursailetan banatuta daude, eta gutxitan izaten dira hektarea bakar batekoak. Gainera, mahatsondoen batez besteko adina oso handia da, eta ehun urtekoa izatera ere irits daiteke. Horiek guztiek denboraren igarotzearen eta naturaren bide hauskaitzaren funtsa jasotzen dute. Ezaugarri horiek bost zentzumenek hautemateko modukoak bihurtzen dira. Mahasti paregabe eta bakarrak dituzte; horrenbestez, zaintza zehatzak behar dituzte: laboreetarako erasokorrak diren produktuak erabiltzea debekatuta dago eta organikoak bultzatzen dituzte. Era horretara, ingurumena ahal bezain gehien zaintzeaz gainera, kontsumitzaileen ongizatea ere zaintzen da, upategiaren hurbilekoaren eta etxekoaren aldeko filosofia nabarmenduz eta, batik bat, Ángelesen amatiar espiritua goratuz. Hurbiltasuna, ordea, bat etor daiteke zorroztasunarekin, eta tradizionala dena berritzailea denarekin. Are gehiago, Amaren upategiak lau berezitasun ezin hobeto betetzen ditu.

Upategiko ardoak ez dira urtero ekoizten, mahastien kalitateak horretarako aukera ematen duenean soilik baizik; mahats biltzea eskuz egiten da osorik eta lursailetako bakoitzak norako bat du izendatuta, ekoizpenaren, orientazioaren, kokapenaren, lurraren eta mahatsondoen adinaren arabera; mahatsa, gainera, plastikozko kaxa txikietan jasotzen da, eta upategira iritsitakoan, eskuz gainbegiratzen dira mahats mordoak lehenengo eta mahats aleak ondoren, banan-banan. Upategiak ekoizpen sistema modernoak ere baditu, egurrezko tintez eta altzairu herdoilgaitzezko gordailu txikiz osatuta, ardoak kalitate goreneko haritz frantziar eta amerikarreko upeletan zahartzeko. Amaren upategiko teknika abangoardistek ederki bat egiten dute upategiko instalazioen ehunka urteko edertasunarekin.

Ardoak dauden koba XVI. mendean egin zen zizelez, eta bisitatu beharreko lurpeko mirari ederra da; gainera, ardoa eskuz egin daitekeela irudikatzen du, tradizioari bizirik eutsiz baina elementu abangoardistak sartuz. Upategiko bost ardoek irudikatzen dute, hain zuzen ere, bat egite hori: Blanco Barrica, Crianza, Ángeles de Amaren, Reserva Tempranillo eta Monovarietal Graciano. Amaren omenaldi ederra da Juan Luis landaz eta landako fruituez maiteminarazi zuen emakumeari; baina, batik bat, upategia asmoen adierazpen bat da. Upategiak artisau erari eustearen alde egin du, funtsezkoa denari, natura errespetatzeari, eta, nagusiki, kalitateari, kantitateari baino.

Datu interesgarriak

Helbidea
Ctra. Villabuena de Álava nº3 - 01307 Samaniego
Telefonoa
Helbide elektronikoa
Weba

Zerbitzuak

  • Ardo-dastatzea
  • Ardoen salmenta
  • Bisita gidatuak