San Ignazio Loiolakoaren pausoei jarraikiz, GR-120 ibilbideak aukera polita eskaintzen digu Loiola eta Arantzazu arteko bidea Antioko Baselizan barrena egiteko. Bide horri Hiru Tenpluen Ibilbidea esaten zaio. Ibilbideak Urola Kostako, Goierriko eta Debagoieneko inguru eta bazter ederrak zeharkatu eta eskualdeko hiru monumentu adierazgarriak lotzen ditu: Loiolako Santutegia (Azpeitia), Antioko Baseliza (Zumarraga) eta Arantzazuko Santutegia, Aizkorri-Aratz Parke Naturalan kokatuta. Hirurak ere inguru eder-ederretan kokatuak daude, eta bakoitzak bere estilo bereizgarria du bai arteari bai arkitekturari dagokionez.
Era askotako paisaiak dira, denak gozamen ederra begietarako, ahaztu gabe historiari, arteari eta kulturari begira duten balioa, ezta tenpluek arimari eta barne-gogoari begira duten garrantzia ere. Hiru Tenpluen ibilbideko bi muturrak San Ignazio Loiolakoa erromesaren bidez lotuta daude. Jaunarenganako barne gurutzada hasita, prest zegoen Montserrateraino erromes joateko. Eta 1522ko egun batez, erromesaldiari ekin zion, Loiolatik abiatuta. Arantzazura iritsi eta, gauez, eliza barruan beilari egon zenean, arima hunkitua gelditu zitzaion. Arantzazuko Amaren oinetan izan zuen bizipena gutun batean islatua gelditu zen; Erromatik San Frantzisko Borjakoari idatzitako gutunean, hain zuzen.