Zurriola hondartza Donostian dago, Gros auzoan, Kursaal Kongresu Jauregiaren begiradapean.
Garai batean, hainbat hareatza baino ez ziren, Urumea ibaiaren bokalearen eta Ulia mendiaren artean zeudenak. 90eko hamarkadan, berriz, eraberritze-lanak hasi zituzten, eta egungo hondartza eraiki zuten. Harea meheko hondartza da, eta, tarteka, olatu biziek astintzen dute. Surflari gehien erakartzen duen Donostiako hondartza da Zurriola, eta olatu bikainez gozatzeko aukera ematen du.
Monpas guneko eskuinekoa eta El Centro guneko eskuineko eta ezkerreko olatu biziak nabarmendu behar dira. Monpas olatua da indartsuena, eta tutu-formako zatiak ditu. El Centro gunean, aldiz, ezkerreko olatuak dira nagusi itsasbehera dagoenean, eta itsasoak gora egiten duen heinean eskuineko gehiago altxatzen dira. Itsasora irekita dagoen hondartza da, eta marea edozein izanda ere olatuak altxatzen ditu. Surf ekitaldi garrantzitsuak egin ohi dira Zurriolan, hala nola Projunior ASP Europako Txapelketa -uztailean-. Surf klub bat eta lau surf eskola ditu, eta surfean ikasteko egokia da.