Donostiako mendebaldeko muturrean dago Ondarreta hondartza, Igeldo mendiaren magalean eta Santa Klara uhartearen parean.
Urre koloreko harea meheko hondartza da, Gipuzkoako ederrenetarikoa. Ingurune ikusgarriaz gain, kirol-eskaintza zabala topatuko dugu 600 metroko luzera duen hondartza honetan. Udako hilabeteetan igeriketa eta boleibol ikastaroak antolatzen dituzte.
Horrez gain, uretako jarduera ugari egin daitezke bertan, instalazio moderno eta zabalak baititu. Hondartzaren mendebaldeko pasealekuan lehertzen diren ezkerreko pare bat olatu aipatu behar dira. Azkarrak eta biziak dira. Itsas handiko eta baldintza txarreko egunetarako egokia da Ondarreta, mendebaldeko haizeetatik babestuta baitago. Berezia da oso, itsas pasealekutik, gure azpian, surflariak ikusiko ditugulako. Zazpi kilometroko itsas pasealekuak lotzen ditu Zurriola, Kontxa eta Ondarreta hondartzak.
Pasealeku horren amaieran, Haizearen Orrazia topatuko dugu, Eduardo Chillidak itsasertzeko haitzetan egindako altzairuzko eskultura-multzo ikusgarria.