Euskal Kostaldea
Hondartzak
Barinatxe hondartza (Salvaje izenaz ere ezaguna) Sopela eta Getxo udalerrien artean dago, Bizkaian.
Hondartza zabala eta irekia da, eta amildegi ederrek inguratzen dute. Gainera, naturistentzako gune bat dauka. Jarduera ugari egin daitezke Barinatxen, batez ere surfa, olatu handiak izaten baitira. Bere izenak adierazten duen bezala, hondartza basatia da, eta duna sistema propioa du.
Bertoko surf eskolak hartzeko erabilera anitzeko eraikin bat du, aldagela, dutxa eta guzti. Bi surf klub ditu, eta inguruetako gainontzeko hondartzak bezala, surflari ugari erakartzen du. Ipar-mendebaldera begira, Barinatxen olatuak nahiko ugariak dira. Olatu ezberdinak ditu, eta ezagunena La Triangular izenekoa da; handia eta hondo harritsukoa da, eta marea guztiekin balio du. Eskuineko olatu luzea da, longbordean aritzeko egokia oso. Itsasbehera dagoenean hodi-formako zatiak dituen ezkerreko olatua altxatzen du. La Batidora olatua hondartzaren mendebaldean dago, eta bertan ezkerrekoak dira nagusi. Erdigunean La Corriente izenekoa aurkituko dugu; ezkerrekoa da, oso teknikoa eta aldakorra (marearen, hondoko itsasoaren neurriaren eta korrontearen arabera aldatzen da).
Barinatxeko hondoak oso aldakorrak dira, eta olatu bikainak sor ditzakete. Inguruko amildegiak parapentean jauzi egiteko aproposak dira.