Euskadi Basque Country
 
Euskadiko Turismo Ataria
euskadi.eus

NABARMENDUAK

 

Helmuga turistikoak

Herria

Zumaia

Gipuzkoako kostaldearen zatitik ederrenetako batean dago Zumaia, Urola eta Narrondo ibaiek bat egiten duten badian. Erakargarri egiten duten elementu asko ditu: bi hondartza, alde zahar historiko interesgarria, kirol- portu modernoa eta ostalaritza eskaintza zabala. Hori guztia, gainera, itsaslabar malkartsuetan amaitzen diren mendi berdeek inguratuta.

Alde zaharrean hasiko dugu herria ezagutzeko ibilaldia. Erdi Aroko itxura dauka oraindik ere. Bertan, XIII. mendeko San Pedro parrokia gotikoa gailentzen da beste eraikin guztien artean, harri puska handi bat bailitzan. Kanpotik, apaingarririk ez duen gotorleku itxurako eraikin sendoa da. Nabe bakarra dauka. Barrualdea, aldiz, gotikoaren adibiderik ederrenetakoa da. Monumentu nazional izendatutako Juan de Antxietaren erretaula bikaina nabarmentzen da bertan.

Atsegina da benetan Zumaiako karrika estu eta aldapatsuetan ibiltzea eta beste hainbat eraikin interesgarri ikustea, Zumaia eta Ubillos jauregiak eta Olazabal eta Goikotorre etxeak, esaterako.

Itzurun eta Santiago hondartzak

Itzurungo hondartza da erdigunetik hurbilen dagoena. San Telmo baselizaren babesean dago, itsasora zabalik. Bertako hareak eta urak iodo asko dute eta, beraz, mesedegarriak dira osasunerako. Santiago hondartza, ostera, Zumaiako ekialdeko muturrean dago, Urola ibaiaren bokalean sortzen diren paduren ondoan. Hareatza ederra da eta Zuloaga Museotik gertu dago. Eibarko margolari entzutetsuaren etxe-tailerra kapera ez ezik ostatua ere izan zen antzina Donejakue Bidean. Artistaren bildumaren zati handi bat dago bertan.

Itsaslabarrak ere interesgarriak dira oso geologiari dagokionez. Itzurun hondartzatik txango polita egin dezakegu Debaraino kostaldeko labar malkartsuak ikusiz. Itsasbeheran, Flysch izeneko fenomeno berezia ikus dezakegu. Itsasoaren higaduraren ondorioz, agerian geratu dira kareharri eta hareharri xaflaz osatutako guneak. Bisitaldiak antolatzen dituzte haitz horiek sortzen dituzten forma bitxiez gozatzeko.

Jaiak eta tradizioak

Arrantza-tradizio handiko herria da Zumaia eta, beraz, San Telmo itsasgizonen zaindariaren omenez ospatzen dituzte jai nagusiak. Egun horietan ohikoa izaten da arrantzaleen jantzi urdinak soinean eramatea. Interesgarriak dira zinez San Telmo eguneko prozesioa, danborrada, pilota partiduak eta trainerillen estropadak. Ekainean, berriz, San Pedroak ospatzen dituzte, herriko zaindariaren ohorez. Egitarau zabala izaten den arren, su artifizialak eta kontzertuak dira jende gehien erakartzen duten jarduerak.
Hedadura: 11.30
Biztanle-kopurua: 9337
Irisgarritasuna
Eskaintzak
Datu orokorretara itzultzea
Non
Euskadi, auzolana