¨Zierbena

Zierbena

Helmuga turistikoak

Herriak

Bizkaiko kostaldearen mendebaldeko muturrean kokatuta, Zierbena jarduera handiko arrantza portua duelako da ezaguna. Bilboko Portuaren eraberritze lanek eragin badiote ere, arrantza-ontziek eta aisiarako ontziek antzinako xarma gordetzen laguntzen diote.

Herrian aurkitzen diren bi hondartzek oso erakargarri bihurtzen dute Zierbena. Eta portuko jatetxeetako erretegietako txingarretan erretzen dituzten arrainen usain gozoak bisitaria bete-betean harrapatuko du.

Leku horretan bertan, itsasbeheran bakarrik ikus daitekeen 100 metroko hondartza artifiziala dago. Ur lasaiak ditu eta hortaz, aproposa da bainua hartzeko; batez ere, haurrentzako. Dena den, herritarrek eta kanpokoek La Arena hondartza dute gogokoen. 966 metroko luzera du eta oso ondo hornitua dago. Bisitariak, mahaiak, eserlekuak eta barbakoak dituzten aisialdi-guneak topatuko ditu inguruan.

Bizkaiko bidegorririk luzeena ere La Arena hondartzan hasten da. Txirrindulari zein oinezkoentzako prestatuta dagoen bide honek 11 kilometro ditu, eta horietatik lau Zierbenako lurretan barrena egiten ditu, Portugaleterako bidean. Luzeroko lurmuturra (307 m) ere oso bisitatua da, eta bertara igo ezkero, Kantauri itsasoaren ikuspegi bikainak izango ditugu.

Ondarea eta jaiak

Ondare kulturalari dagokionez, hainbat interesgune daude: San Roman parrokia, esaterako, Aldapa auzo nagusian topatuko dugu. XII. mendekoa bada ere, 1880az geroztik zaharberritua dago. Parrokia honi itsatsita, Portuko Ama Birjina eliza dago. Eraikin modernoagoak ere badaude herrian: Loiolako Iñaki Deuna baseliza, Zierbenan zutik dirauen ermita bakarra, eta 1997ko Udaletxea.

Jai egutegian berriz, azpimarratu beharreko festa eta ekitaldiak daude. San Inazioak, Portuko Ama eta San Roke (uztailaren 31an, eta abuztuaren 15ean eta 16an) dira herriko jairik handienak. Haatik, ezin ditugu Itxaski-azoka (iraila-urria) eta Zierbenako Independentziaren Eguna (urriaren 15a) ahaztu. Aldi berean, aipatzekoa da herritarrek arraunarekiko duten zaletasuna. Oso errotuta dagoen kirola da; eta are gehiago, Bizkaiko arraun elkarterik zaharrenetakoa du Zierbenak.

Datu interesgarriak

Hedadura
10.50 Km
Biztanle-kopurua
1,517

Ekitaldiak

Euskadi, auzolana