Helmuga turistikoak

Herriak

Zerain

Landa giro tradizionala ongi gordetzen jakin duen herri txikia da Zerain. Goierri eskualdean dago, Aizkorriko mendi-adarretan. Herri abegitsu hau betidanik egon da nekazaritzari eta burdina, ikatza eta egurra bezalako baliabide naturalen ustiapenari lotuta.

 

Bizimodu tradizional hori nolakoa zen erakusten du, modu atsegin eta dibertigarrian, Zeraingo Parke Kulturalak. Burdina nola erauzten zuten ezagutzeko aukera ematen duten Aizpeako meatzeek, XVIII. mende hasierako kartzelak, Larraondoko zerrategi hidraulikoak eta baserrietako erremintak, altzariak, tresnak, dokumentuak eta bestelako osagarriak biltzen dituen Museo Etnografikoak osatzen dute parke kultural hori.

 

Hirigune historikoa

Herri txiki eta atsegin honetan, ordea, bisitatzea merezi duten altxor eta leku gehiago daude. Jauregi etxea, adibidez, plazaren goiko aldean dago eta noble askoren bizileku izan zen zenbait urtez. Harlanduz egindako hormak, arku gotiko ederra eta herriko armarririk zaharrena ditu. Jasokundeko Amaren parrokia-eliza ere nahitaez nabarmendu behar da. Hainbat erretaula barroko, kristo erromanikoa eta bataiarri gotikoa ikus ditzakegu bertan.

 

Halaber, erdigunetik 200 metrora, San Blas baseliza aurkituko dugu. Atseden hartzeko eta naturaz gozatzeko inguru paregabean dago eta, otsailaren 3an, San Blas egunean, ohikoa da bertan janaria bedeinkatzea eztarriko minak arintzeko. Bestalde, Jasokundeko Amaren omenezko jai nagusiak abuztuaren 15ean ospatzen dituzte. Ezin ahantz daiteke irailean egiten den nekazaritza ekologikoaren azoka ere. Produktu biologikoen salmenta eta dastaketa eta eskulangintza tailerrak azpimarratzekoak dira egun horretan.

Datu interesgarriak

Hedadura
10.50 Km
Biztanle-kopurua
249

Ekitaldiak

Euskadi, auzolana