Zegama

Zegama

Helmuga turistikoak

Herriak

Ingurune naturala da, ezbairik gabe, Gipuzkoako herri txiki hau hain erakargarri egiten duen ezaugarrietako bat.

Goierri eskualdearen hegoaldean dago Zegama, Oria ibaiko haranaren goiko aldean, Aizkorriko Parke Naturalaren magalean. Zuhaitzez betetako basoek estaltzen dituzten larreek eta kareharrizko gailurrek marrazten dute txoko honen paisaia ederra. Hala, makina bat ibilaldi egin ditzakete mendizaleek inguru honetan, batzuk zailagoak, eta beste batzuk errazagoak. Horietako batean, San Adriango tunel naturala ikus dezakete.

Antzina Gipuzkoa eta Araba batzen zituen errege-bidea igarotzen da bertatik. Merkatari, artzain eta erromesen joan-etorrien lekuko ez ezik, Gipuzkoa barnealdetik igarotzen den Donejakue Bideko igarobide ere bada. Horrez gain, historiaurreko hainbat aztarna aurkitu dituzte Zegamako lurretan. Besteak beste, Bidaarte II eta Tartaloetxea tumuluak, Altzaniako estazio megalitikoan, eta Irumugarrietako tumulua, Brinkola-Zegamakoan.

Hirigunea

Herriaren erdigunera iritsi eta berehala, gure arreta bereganatuko duten eraikin ugari ikusiko ditugu. Tourseko San Martin elizak (XV-XVI), adibidez, Aizkorri (1.528 m) mendi tontorreko ermitako gurutzea (Gipuzkoako zaharrenetakoa) dauka barruan. Koruaren azpian, berriz, Tomas Zumalakarregi jeneral karlistaren mausoleoa bisita daiteke. Atari itzela duen udaletxea eta Kapitanetxea, Ugarte Dorrea, Aitamarren (herriko eraikinik zaharrena) eta Mazkiaran Barrena etxeak ere nabarmentzeko modukoak dira. Inguruotan, gainera, baseliza ugari daude. Sancti Spiritu, Gurutze Santua, San Adrian, Otzaurteko Andra Mari eta San Pedro zenbait adibide baino ez dira.

Jaiak eta azokak

Kultur eta kirol ekitaldi asko antolatzen dituzte Zegaman urtean zehar. Zegama-Aizkorri mendi-maratoia munduko txapelketarako puntuagarria da eta jende andana erakartzen du urtez urte. Ibilbidea gogorra da oso, baina paisaia ezin ederragoa da. Apirileko lehen igandean, Erlezain Eguna ospatzen da eta eztiarekin egindako postreen lehiaketa egiten dute. Azaroan, berriz, San Martin azokan, abereen erakusketa, gazta lehiaketak eta pilota partiduak izaten dira.

Azkenik, Espiritu Santuaren Pazko egunean, Arantzazuko Santutegira joaten dira pelegrinazioan zegamarrak.

Datu interesgarriak

Hedadura
35.00 Km
Biztanle-kopurua
1,530

Ekitaldiak

Euskadi, auzolana