Zarautz

Zarautz

Helmuga turistikoak

Herriak

Tradizio turistiko handiko herri da Zarautz, bisitaria liluratuta utziko duten elementu ugari dituen udalerria.

Ostalaritza eskaintza zabala dauka eta, arkitekturari eta arteari dagokionez, interes handiko alde zahar historikoa. Horrez gain, nabarmentzekoa da herriaren ingurune naturala ere.

Urola Kosta eskualdean dago eta Kantauri itsasoko urek bustitzen dute bere itsasertza. 2.500 metroko hondartzak Santa Barbara eta Mollarri itsaslabarrak ditu alde banatan. Kafetegiz eta terrazaz betetako itsas-pasealeku bizi batek inguratzen du urre koloreko harea fina duen hondartza. Bertako eguzki-oihal koloretsuek itxura ezin dotoreagoa ematen diote.

Itsasora zabalik dago hondartza eta bertan sortzen diren olatu ikusgarriek surflari asko erakartzen dituzte. Kirol hori oso errotuta dago herrian. Horren erakusgarri, munduko surf txapelketako lehiaketa bat hartzen du urtero, irailean, Zarautzek. Hondartzaren ekialdeko muturrean, itsas-pasealekuaren amaieran, Iñurritza errekaren ondoan, Gipuzkoako duna eremurik handiena topatuko dugu. Pasabide batek hegazti askoren ezkutalekua den babestutako biotopo horretan barrena ibiltzeko aukera ematen du.

Alde zahar historikoa

Interes handiko eraikinak eta monumentuak daude alde zaharrean. Santa Maria la Real parrokia-eliza, Frantziskotarren eta Klaratarren komentuak, Narros jauregia, Torre Luzea, Zarauztarren dorretxea, Dotorekua etxea eta Portu etxea (egungo udaletxea) zenbait adibide baino ez dira.

Bestalde, Zarautzek ostatu hartzeko aukera zabala eskaintzen du. Gainera, herriko gastronomia dastatzeko nahi beste taberna eta jatetxe daude. Zarauzko jaki tipikoek arraina dute oinarri batez ere. Halere, ezin ahantz ditzakegu inguruko mendietako baserrietako produktuak ere. Hori guztia, nola ez, txakolinaz, jatorri izendapena duen ardo zuri freskagarri eta arinaz, lagunduta.

Herri abegitsua, modernoa eta lasaia da Zarautz. Giro ezin hobea egon ohi da bertan, uda sasoian batez ere. San Pelaioak, herriko jai nagusiak, ekainean ospatzen dituzte. Jai giroak abuztuan izaten du jarraipena aste nagusiarekin. Irailean, berriz, "Euskal jaiak" egiten dituzte; irailaren 9a izaten da egun nagusia.

Datu interesgarriak

Hedadura
14.30 Km
Biztanle-kopurua
22,658

Ekitaldiak

Euskadi, auzolana