Helmuga turistikoak
Herriak
Gipuzkoako lurralde historikoan dago Zaldibia, Goierri eskualdean, Aralarreko Parke Naturaleko Txindoki (1.346 m) gailur mitikoaren magalean. Zaldibiako ingurune naturala da, hain zuzen, landa giroko udalerri hau hain erakargarri egiten duen elementu nagusia. Mendi berdeek eta baserriz betetako auzuneek inguratzen dute, eta oinez zein bizikletaz ibilaldi asko egiteko aukera dago. Hirigunean ere bada zer ikusi. Plaza nagusian, udaletxearen eraikin ederra eta XVI. mendeko Santa Fe eliza gotikoa gailentzen dira.
XIII. mendeko bataiarria dago tenplu horretan. Kale estu batek zeharkatzen du elizaren inguruan antolatuta dagoen herrigunea. Albitxu, Kanpandegi eta Karrera Enea etxeak eta Zubiaurre baserria dira bertako eraikinik azpimarragarrienak. Erdigunetik kilometro gutxira, Larraitzera bidean, kanpai-horma duen Saturdi baseliza aurkituko dugu. Apur bat aurrerago, Larraitzeko larreak (Abaltzisketa) daude, Txindokira eta beste hainbat menditara igotzeko abiapuntu aproposa. Askaltzeko gune bikaina da eta zenbait jatetxe daude. Bertan egiten dute maiatzaren hasieran Aralarreko larreak irekitzeko festa. Izan ere, ganadu asko daude inguru horretan, ardi latxak, batez ere. Gainera, Eneolito eta Burdin Aroko monumentu megalitiko ugari daude Aralarren: Argarbi, Ausokoi I, Ausokoi II eta Matxitxane trikuharriak eta Koa haitzuloan aurkitutako aztarnak, besteak beste.
Zaldibiako mondejuak
Goierriko gastronomia aparta da, Zaldibiakoa bereziki. Ezagunak dira oso bertako "mondejuak", ardikiz egindako odolki zuriak. Urriko azken igandean, esaterako, Ardiki Eguna ospatzen dute eta mondejuak zein Aralarreko ardi gazta dastatzeko aukera paregabea egoten da. Azkenik, herrigunetik bi kilometrora, Arkakako bidean, mahaiak eta eserlekuak dituen aisialdirako gune bat topatuko dugu. Aintzira artifizial baten ondoan dago, eta haurrentzako arrantza-eskola bat dago bertan.