Helmuga turistikoak
Herriak
Donostiatik hurbil dago Urnieta, Oria eta Urumeako ibarren artean. Handik, inguruko mendi ederrak ikus daitezke. Adarra da hango gailurrik garaiena: 811 metrokoa. Muino txiki batean dago erdigune historikoa, eraikin modernoagoen artean. Goiko aldean, herriko plaza nagusia dago, eta hainbat eraikin interesgarri topatuko ditugu bertan. Nabarmentzekoa da, adibidez, San Migel Goiaingeruaren eliza. Zenbait aldiz zaharberritu duten arren, kareharrizko atari erromanikoa eta XVIII. mendeko San Migelen eskultura mantentzen ditu oraindik.
Handik gertu, Santa Leokadia baseliza aurkituko dugu. Santiagora zihoazen erromesen joan-etorriaren lekuko izan zen antzina, Gipuzkoa barrualdetik igarotzen zen Donejakue Bidean iraganbide garrantzitsua izan baitzen Urnieta Erdi Aroan. Plaza berean, sute asko jasan dituen XVII. mendeko udaletxe ederra ageri da. Hainbat elementu interesgarri ditu aurreko horman. Herriaren armarri barrokoa ageri du erdian, bi balkoi ditu alboetan eta arkupedun ataria dauka azpian.
Marizuloko kobazuloa
Historiaurreko monumentu asko aurkitu dituzte Urnieta inguruetan: Abailarri, Otsolepo eta Pozontarri dolmenak eta Arleor, Eteneta eta Mulisko cromlechak tartean, gure aurretikoak lur horietan bizi izan ziren seinale. Oso antzina Urnietaren gizakia bizi izan zela erakusten duen adierazgarririk garrantzitsuena, ordea, Pardakiko haitzetan dagoen Marizuloko kobazuloa da. Kristo aurreko 3000. urteko aztarnak aurkitu zituzten barruan eta, beraz, baliteke noizbait bertan norbait bizi izana.
Jaiak
Urnietako jai egitarauari dagokionez, bi festa nabarmenduko ditugu: batetik, irailaren amaieran, San Migel jaiak ospatzen dituzte, eta oso aspaldikoa den "Sorgin dantzaz" gozatzeko aukera egoten da. Bestetik, maiatzaren 3an, Azkorte auzoan, hirigunetik 3 kilometrora, dagoen Gurutze Santuaren baselizaren inguruan erromeria egiten dute. Egun horretan, giro aparta egoten da. Gainera, inguruko ikuspegi paregabeak eskaintzen ditu gune horrek.