Helmuga turistikoak
Herriak
Trianoko mendien babesean eta Bilbotik kilometro gutxira dago Trapagaran, Bizkaiko meatzeen eremuan. Meatzeen industriak markatu du udalerriaren beraren fisionomia nahiz garapena, eta bi eremutan bereizten da: goialdean, meatze auzoak daude eta behealdean, herrigunea; azken horretan metatzen dira biztanle eta zerbitzu gehienak. XIX. mendearen bukaeran inauguratu zuten Trianoko trena.
Ondorioz, hainbat hamarkadatan, meatzaritzaren loraldia bizi izan zuen, eta Trianoko mendietan zenbait auzo sortu ziren, meatzeetan lan egiten zuen jende guztia hartzeko. Egun, erabat itxuraldatuta daude auzune horiek, eta leku askotan, gainera, aisialdirako guneak daude. Halere, meatzaritza-jardueraren aztarnak geratzen dira oraindik inguruotan: Peñamora meatzea, Zugaztieta eta Larreinetako egurrezko etxeak... Hainbat meatze ureztatu eta arrantzan egiteko ezin hobeak diren aintzira artifizialak sortu dituzte.
Zugaztieta eta Larreinetako funikularra
Zugaztieta ingurua, adibidez, erabat aldatuta dago. Bertan, aisialdirako zenbait gune, Bizkaiko Foru Aldundiaren aterpetxea, kirola egiteko instalakuntzak eta bertoko gastronomiaz gozatzeko jatetxe ugari daude egun. Auzune honetatik oso gertu, Peñas Negras Interpretazio Zentrua dago eta inguru hauetan egin daitezkeen ibilaldien gaineko informazioa eskaintzen du. Larreinetako funikularra hartuta igo gaitezke izen bereko auzora, Zugaztietatik kilometro batera. 1926an inauguratu zuten eta bitxia da oso, funikularreko kabinak horizontalean igotzen baitira. Estatu osoan ez dago halakorik.
Horrez gain, Bilboko Abraren ikuspegi bikaina eskaintzen du. Bestalde, hirigunean, XIX. mendearen amaieran eta XX.aren hasieran eraikitako zenbait monumentu eta eraikin aurkituko ditu bisitariak, garai batean Trapagaranek izan zuen oparotasunaren erakusgarri. Jaunaren Itxuraldaketaren eliza neorromanikoa 1930ekoa da eta gurutze latindar formako oinplanoa, hiru nabe, dorrea eta ataria ditu. San Jose Langilearen eta San Joan Bataiatzailearen elizak, neorromanikoa bata eta neoklasikoa bestea, ere aipatzeko modukoak dira. Arkitektura zibilari dagokionez, bi eraikin azpimarratuko ditugu: udaletxe neoklasikoa, XX. mendearen hasierakoa, eta Olaso jauregia, egungo kultur etxea. Azken hori Olaso sendiak XVI. mendean Bergaran eraiki zuen jauregi gotiko bat oinarri hartuta egin zuten.