Soraluze | Euskadiko herriak eta hiriak | Turismoa Euskadi
Joan edukira
Soraluzeko ikuspegi orokorra

Soraluze

Helmuga turistikoak

Herriak

Armagintzan tradizio handia duen herria da Soraluze. Deba ibaiaren ertzean dago, Debabarrena eskualdean. Landa giroko lau auzok (Txurruka, Ezozia, San Andres eta Irure) eta ibaiaren inguruan antolatzen den hiriguneak osatzen dute udalerria.

 

Bertako paisaia deigarria da oso, tontorrez inguratua, erdigunea bera mendi-hegal malkartsuetan eraiki baitzuten. Herrian bertan, interes handiko hainbat monumentu aurki ditzake bisitariak. Santa Maria la Real parrokia nabarmenduko dugu. XIII. mendeko elizak elementu errenazentistak eta barrokoak dituen egurrezko atari bikaina dauka.

 

Gainera, ikustekoak dira Arregigaraikua, Saloguenekua, Ormaetxea, Jauregui eta Torrea dorretxeak. Herrigunetik kanpo, berriz, ermita askoren artean, Ezoziko Amaren omenez eraikitakoa azpimarratuko dugu. Txikiagoa izan arren, kanpotik parrokiaren itxura bera dauka.

 

Trikuharrien ibilbidea

Esan bezala, ingurua oso menditsua da. Baserriak eta ermitak nonahi topa ditzakegu mendi-hegal malkartsuetan. Hala, naturaz gozatu eta aire garbia arnastu nahi duen orok herriaren inguruko bidexketan izango du horretarako parada. Karakatek (749 m), Atxolinek (841 m) eta Irukurutzetak (899 m) osatzen duten gailurreria berdetik, esaterako, ikuspegi bikainak daude.

 

Euskadiko begiratoki ederrenetako bat da. Alde batean, itsasoa ikus dezakegu eta bestean, tontor ezagunak: Anboto, Gorbeia eta Oiz, besteak beste. Jose Migel Barandiaran paleontologo eta etnografoak "Trikuharrien ibilbidea" izena jarri zion gailurreria horri. Izan ere, trikuharriak eta tumuluak ugari dira bidean zehar, eta horiek guztiak erritu, konjuru eta erromerien lekuko izan dira mende luzez.

 

Bestalde, jai-egitarau oparoa du Soraluzek. Uztailaren amaieran, Santa Anaren omenezko jaiak ospatzen dituzte eta, abuztuaren erdialdean, aldiz, Jasokundeko Andre Mariaren eta San Rokeren, herriko bi zaindarien, omenezkoak. Dena den, ezin ahantz ditzakegu beste bi festa: batetik, otsailean, herrian hain errotuta dagoen San Blas eguna ospatzen dute. Egun horretan, oso ohikoa da etxean egindako opilak bedeinkatzea. Bestalde, urtetik urtera oihartzun handiagoa hartzen ari da azaroko bigarren larunbatean egiten den Gaztañerre azoka.

Datu interesgarriak

Hedadura
14.20 Km
Biztanle-kopurua
4,067

Ekitaldiak