Helmuga turistikoak
Herriak
Itsaslabar ikusgarriak eta hondartza basatiak tartekatzen dira Sopelan. Bizkaiko kostaldeko zati honek aho zabalik utziko ditu bisitariak, natura aberastasunagatik eta paisaiaren edertasunagatik, batez ere.
Herri lasai eta abegitsua da, paradisua kirolaz eta aisialdiaz gozatu nahi dutenentzat. Izan ere, era askotako jarduerak egin daitezke bertan. Surfa, bodyboarda, parapentea, eskalada eta mendi bizikleta zenbait adibide baino ez dira.
Baina, zalantzarik gabe, hondartzek ematen diote xarma Sopelari. Hiru dira orotara, eta Barinatxe da basatiena, olatuek asko astintzen baitute. Hori dela eta, surflari asko izaten dira bertan. Gainera, hondartzaren mutur batean nudismoa egin daiteke. Urtero, nazioarteko nudisten lasterketa bat egiten dute bertan. Arriatera-Atxabiribil da, ordea, jenderik gehien hartzen duena, labar ikusgarrien artean dago, itsasora zabalik. Meñakoz hondartza, azkenik, nudista da, bakartiagoa, ez baitauka sarbide erraza.
Hareatza horiek ikusteaz gain, merezi du itsaslabar malkartsuen artean Getxotik Sopelara doan ibilbidea egitea. Ikuspegi paregabea eskaintzen du eta, gainera, parapentea eta delta hegala egiteko leku aproposa da. Bidean, hainbat elementu interesgarri topatuko ditugu: Aixerrota errota eta Galea lurmuturreko itsasargia. Halaber, zenbait berdegune ditu Sopelak, Iturrietako parkea, kasu. Bertan aurkitu dugu Balea aintzira ezaguna.
Paisaiaren edertasunari, balio arkitektoniko handiko hainbat eraikin gehitu behar zaizkio: kanpandorre barroko bikaina daukan XVI. mendeko San Pedro eliza errenazentista, arrantzale kutsuko San Andres baseliza erromanikoa, herri arkitekturaren adibide diren inguruko baserriak eta aire zabalean barreiatuta dauden eskulturak, surflarien omenez egindakoa, adibidez. Nabarmentzeko modukoak dira, era berean, Sopelako lurretan aurkitu dituzten historiaurreko kokalekuak. Kurtziokoa Bizkaiko zaharrenetakoa da.
Bestalde, jai-egitarauari dagokionez, asko dira Sopelan urtean zehar egiten diren ospakizun garrantzitsuak. San Pedro jaiak (ekainean), Karmengo Amaren omenezkoak eta Santa Marina jaiak (uztailean) eta San Andres jaiak (azaroan).