Portugalete | Euskadiko herriak eta hiriak | Turismoa Euskadi
Joan edukira
Portugalete

Portugalete

Helmuga turistikoak

Herriak

Arrantzale giroko herri dotorea da Portugalete, Bilboko Itsasadarraren ezkerraldeko hirigune garrantzitsuenetakoa.

Bokalearen ondoan dago, hain justu, herria ezagun egin duen monumentua: Zubi Esekia edo Bizkaia Zubia. UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatu du. Nahitaez bisitatu beharreko lekua da.

Burdinazko zubi eder hori 1893ko uztailaren 28an inauguratu zuten, Portugalete eta Getxo, Itsasadarraren eskuineko aldean dagoen udalerria, lotzeko. Ingeniaritza zibilaren adibide bikain hori Alberto Palaciok egin zuen eta, itxuraz ederra eta sendoa izateaz gain, erabilgarria da oso, milaka lagunek erabiltzen baitute Itsasadarraren alde batetik bestera joateko.

Erdi Aroko hirigune historikoaren karrika estu eta aldapatsuetan ere interes handiko zenbait eraikin daude ezkutatuta. Alde zaharraren goiko aldean, esaterako, azpimarratzeko moduko bi monumentu daude: Portugaleteko eraikinik adierazgarrienetakoa den XVI. mendeko Salazar dorrea eta barruan egurrezko erliebeekin apaindutako erretaula eder bat gordetzen duen Andra Mariaren basilika gotiko-errenazentista. Halaber, merezi du Santa Klara komentua, Rantxeria plaza, Burdinaren kaia eta udaletxea ikustea.

Erdigune historikoa ezagutzeko ibilaldia amaitzeko, Lope Garcia Salazar Bizkaiko lehen historialariaren estatua, Victor Chavarriri, Bizkaiko industrializazio prozesuan eragin handia izan zuen ingeniariari, eskainitako monumentua eta Industriaren Museoa Rialia (Itsasadarreko industrializazio prozesuaren nondik norakoak azaltzen dituzte bertan) ikusiko ditugu.

Portugaleteko jaiak eta jaialdiak

Museoez eta monumentuez haratago doan kultur eskaintza dauka Portugaletek. Ekitaldi horien guztien artean, ordea, bat gailentzen da beste ororen gainetik: Nazioarteko Folklore Jaialdia. Duela lau hamarkada jaio zenetik, urtero Santiago egunean mundu osoko dantzariak ikusteko aukera egoten da.

Portugaletek, baina, abuztuaren 14tik 17ra ospatzen ditu herriko zaindariaren festak, San Roke jaiak. Hilaren 15a da egun handia, orduantxe egiten baita Diana ezaguna. Halere, herritarrek Giako Andre Mariaren eguna, arrantzaleen jaia, dute gogokoen. Uztailaren 1ean egiten da. Goizeko lehen orduan, alde zaharrean, Koskojales kalean, txupinazoa jaurtitzen dute eta Dominginak (trapuzko bi panpina) altxatzen dituzte. Ondoren, Ama Birjinari lore-eskaintza egiten diote. Ezin ahantz daitezke, ordea, San Nikolas eta Gurutze jaiak.

Datu interesgarriak

Hedadura
3.10 Km
Biztanle-kopurua
45,677

Ekitaldiak