Helmuga turistikoak
Herriak
Bilbotik 25 bat kilometrora dago Plentzia, kostaldean, itsasoari begira. Gorlizekin badia eder bat partekatzen du eta udalerri atsegina da zinez. Itsasadarra eta hondartza dira udalerriaren bi elementu nagusiak.
1299an sortu zuten hiribilduak ondare historikoa gaur egunera arte gordetzen jakin du. Alde zaharra Erdi Arokoa da, bitxia oso. Arrantzale giroko herri-arkitektura eta estilo dotoreagoa duten eraikinak, jauregi itxurako etxeak, ezin hobeago nahasten ditu. Merezi du bere karrika estuetan barrena ibiltzea eta XVI. mendeko dorre ikusgarri bat ageri duen Santa Maria Magdalena eliza ikustea. Harlanduz egindako antzinako udaletxeak, berriz, Butroiko Plazentia Museoa hartzen du egun. Bertan, kostaldeko herri honen historia ulertzen laguntzen duen zenbait elementu ikus daitezke.
Antzina, beste hiribildu asko bezala, harresiz inguratuta egon zen Plentzia. Egun, ordea, harresi horren aztarna bakarra mantentzen da zutik: Santiago Arkua. Dorre Barria, Butroe sendiaren dorretxea, ere nabarmentzeko modukoa da. Harrizko armarri bat dauka aurreko horman.
Itsasadarra eta hondartza
Alde zahar historikoan barrena ibili ondoren, txalupaz betetako itsasadarraren alboko pasealekutik hondartzaraino joango gara. Itsasoa bare egon ohi da udaran jende asko hartzen duen hareatza eder honetan. Gainera, uretako kirolak (piraguismoa, urpekaritza eta windsurfa, besteak beste) egiteko leku aparta da. Nahi izanez gero, Gorlizera joan gaitezke oinez hondartza inguratzen duen itsas-pasealekutik.
Bestalde, jai ugari egiten dituzte Plentzian. San Antolinen omenez egiten direnak dira garrantzitsuenak. Irailaren hasieran ospatzen dituzte eta egitarau zabala antolatzen dute egun horietarako.