Helmuga turistikoak
Herriak
Gipuzkoako lurralde historikoaren ekialdeko euskal kostaldean dago Pasaia, Donostiatik kilometro gutxira.
Lau auzunek osatzen dute udalerria: xarma handiko Pasai Donibane eta Pasai San Pedro arrantza-auzoek eta hiri handien tankera duten Pasai Antxo eta Trintxerpe barrutiek.
Ulia eta Jaizkibel mendien babesean daude lau auzo hiriek, inguru malkartsu batean, Pasaiako badiaren alde bietan. Bertan dago, hain justu, Gipuzkoako merkataritza porturik garrantzitsuena. Pasaiako kultur ondarea zabala da oso. Eraikinik ederrenak Pasai Donibanen eta Pasai San Pedron daude. Badiak banatzen ditu bi auzuneak, eta batetik bestera joateko bi aukera daude: itsasontziz ala errepidez, badia inguratu eta Lezo igarota.
Monumentuak, gastronomia eta ontziolak
Pasai Donibanen, hainbat kolorez margotutako marinelen etxeak nabarmentzen dira. Kale nagusi batek zeharkatzen du herrixka badiaren mendebaldeko ertzetik, eta horren inguruan antolatzen da hirigunea. Kasu batzuetan, gainera, hainbat etxebizitzaren azpiko pasabideetatik igarotzen da karrika hori. Alde batean zein bestean, arkitekturari eta kulturari dagokionez interes handia duten eraikinak aurki ditzakegu, San Joan Bataiatzailearen eliza, Arizabalo jauregia, Santa Ana baseliza, Bonantzako Kristoren basilika eta Victor Hugo idazle frantziarra bizi izan zen etxea, besteak beste.
Pasaia betidanik egon da itsasoari lotuta. Hori dela eta, Donibaneko jatetxeetan arrain bikaina jateko aukera paregabea dugu. Badia zeharkatu eta Pasai San Pedron ere hainbat monumentu azpimarragarri daude, aurrealde bikaina duen San Pedro eliza eta Blas de Lezo marinel handiaren jaiotetxea, adibidez. Handik, Ulia mendira igo gaitezke, itsasoaren eta badiaren ikuspegi ederrez gozatzeko.
Horrez gainera, Albaola Itsas Kultur Faktorian antzina itsasontziak eraikitzeko erabiltzen ziren teknikak eta hainbat ontzi zahar ikusteko parada izango dugu. Albaola espazio berritzaile eta irekia da, eta bertan euskal itsas ondarea erakusten da prozesu dinamiko baten bitartez: XVI. mendeko San Juan baleontziaren erreplika baten jendaurreko eraikuntza. Bestaldetik, Mater itsasontzi eta museoak arrantzaleen munduaren nondik norakoak erakutsiko dizkigu