Euskadi Basque Country
 
Euskadiko Turismo Ataria
euskadi.eus

NABARMENDUAK

 

Helmuga turistikoak

Herria

Otxandio

Mendiz inguratuta dago Otxandio, Arabarekin mugan. Bizkaiko herrien artean ederrenetarikoa da arkitektura-ondareari dagokionez. Plaza nagusia da lurralde historikoaren hegoaldeko muturrean dagoen udalerri dotore honen erdigunea. Bertan daude eraikinik interesgarrienak: udaletxea, Santa Mariñe eliza, Vulkanoren iturria eta kultur etxea.

1742an eraiki eta monumentu nazional izendatuta dagoen udaletxea da Otxandioko eraikinik azpimarragarriena. Harlanduz egina dago, hiru armarri ageri ditu fatxan eta eguzki-erloju bat dauka. XVI. mendeko Santa Mariñe elizak, berriz, dorre dotore bat eta nabe errenazentista handi bat ditu. Horiekin batera, kultur etxeak (XIX. mendeko eraikina da), Vulkanoren iturriak (suaren jainkoaren omenez egin zuten, errementaritzak herrian izan duen garrantzia gogora ekartzeko), bolatokiak eta frontoiak osatzen dute parerik ez duen monumentu multzoa.

Plaza nagusitik kanpo, Uribarrena kalean, bisitariaren arreta eragingo duten hainbat etxe daude, armarri eta guzti. Baita antzinako ospitalea ere. Erietxe hori 1722an eraiki zuten Ameriketan aberastu zen herriko indiano batek emandako diruarekin. Egun, ordea, zaharren egoitza da. Nabarmentzekoa da, era berean, San Martin baseliza. Hariztiz inguratutako baso batean dago eta, soiltasun handikoa bada ere, balio historiko handia dauka.

Ingurune natural paregabean dago Otxandio, Urkiolako eta Gorbeiako parke naturalen artean. Gainera, Urrunagako urtegiari dagozkio udalerriko lur batzuk. Bertan, uretako hainbat kirol egiteko aukera dugu, arrauna eta arrantza besteak beste.

Azkenik, Santa Marina zaindariaren omenez ospatzen dituzte otxandiarrek jai nagusiak. Uztailaren 18an izaten da egun handia. Jai horiek eta San Bernabe Mekoleta auzoko jaiek eta abenduan antolatzen duten nekazal azokak osatzen dute herriko jai-egitaraua.

Hedadura: 12.40
Biztanle-kopurua: 1280
Irisgarritasuna
Eskaintzak
Datu orokorretara itzultzea
Non
Euskadi, auzolana