Helmuga turistikoak
Herriak
Orozkok ingurune pribilegiatua du, mendiak, basoak, kobazuloak, baserriak eta errekak baitaude bertan. Haran hau irekia da, baina mendiz inguratuta dago eta Altube eta Arnauri ibaiek zeharkatzen dute; horri esker, leku lasaia da eta auzo xarmagarriak ditu.
Orozkon aurki ditzakegun eraikin erlijiosoen artean Olarteko San Bartolome eliza (Ibarra auzoan) eta Muruetako San Pedro eliza nabarmentzen dira. XIV. mendearen bukaeran eraiki zuten lehenengoa, eta nabe bakarra dauka. Muruetako San Pedro elizak ere nabe bakarra dauka, baita abside poligonala eta gurutzeria-gangak ere.
XVI. mendean Zubiar eta Ibarra auzoen artean egindako Aranguren dorrea da herriko eraikin adierazgarrienetako bat. Gaztelu itxura dauka eta elementu gotikoak zein errenazentistak uztartzen ditu. Deigarria da, era berean, Martin de Larrea y Leguerzana arkitektoak 1741ean egindako Anuntzibai zubi errenazentista. Harlanduzko arku eder bat ageri du.
Legorburu jauretxean dagoen Museo etnografikoak ere aipamen berezia merezi du. Hiru solairu ditu eta bakoitzean arlo bat jorratzen da: bailarako ondare historikoa, bizimodu tradizionala eta Gorbeiako lurralde garaietako biztanleen bizimodua.
Gorbeiako Parke Naturala, inguruotako elementurik erakargarriena
Ezbairik gabe, Gorbeiako Parke Naturala da inguruotako elementurik erakargarrienetako bat. Orozkon, hainbat bide topatuko ditugu parkeraino iristeko, Usabel eta Belaustegi, esaterako. Parkera heltzean, naturaz eta bista zein paisaia zoragarriez gozatzeko sekulako aukera izango dugu. Toki berean, gainera, arkeologia-aztarnategi ugari aurkituko ditugu.
Bestalde, Itxina basoan Supelegor kobazulo karstikoa dago. Istorio eta kondaira asko sortu dira bere inguruan eta, diotenez, sorgin eta lamien bizileku izan zen. Handik, eskualdeko tontor garrantzitsuenetako batera, Axkorrigan mendira (1095 metro), igotzeko aukera izango dugu.