Helmuga turistikoak
Herriak
Asteroko merkatuak egin du ezagun, batez ere, Ordizia. Gipuzkoako lurralde historikoaren barnealdean dago, Oria ibaiaren ertzean, Txindoki (1.346 m) mendia atzean duela. Beasainekin batera, Goierriko udalerririk garrantzitsuena da. Gipuzkoa, Araba eta Nafarroa lotzen dituen N-1 errepidearen ondoan dago.
Erakargarri egiten duten ezaugarri ugari ditu Ordiziak, monumentu multzo izendatutako erdigune historikoa, adibidez. Eraikin dotore asko aurki ditzakegu bertan: Jasokundeko Andre Mariaren eliza, Zabala eta Barrena jauregiak, Muxika dorretxea eta Urdanetako Fray Andres zenaren monumentua, besteak beste.
Bestalde, erdigunetik kanpo, Oiangurengo udal parkea topatuko dugu. Zuhaiztiz inguratutako berdegunea da eta paisaia ederrez gozatzeko aukera eskaintzen du.
Ordiziako merkatu tradizionala
Inolako zalantzarik gabe, produktu tipikoen merkatuak egin du ezagun Ordizia. XI eta XII. mendeetan egiten hasi zenetik, asteazkenero, erosle eta saltzaile asko biltzen dira Plaza Nagusian. Merkatu arras garrantzitsua da, produktuei berton jartzen dizkieten prezioak erreferentzia moduan erabiltzen baitituzte Euskadiko gainerako merkatuetan. Horrez gain, urtean zehar beste zenbait merkatu berezi egiten dira: Idiazabal gaztarena, udaberrian, eta Gabonetakoa, besteak beste.
Baina bada beste egun garrantzitsu bat ere. Irailean, Euskal Jaietako azoka berezia egiten dute. Egun horretan, ardi latxaren esnearekin egindako gaztaren lehiaketa ezaguna egiten dute. Azokak alde batera utzita, Ordiziak uztailean ospatzen ditu Santa Ana zaindariaren omenezko jai nagusiak. Beste ekitaldi askoren artean, 1509ko ohitura bat nabarmentzen da: "Santaneroen dantza", ezkonberriek egiten duten dantza, alegia.