Helmuga turistikoak
Herriak
Bizkaiko itsasoak bustitzen du Ondarroa. Bizkaiko kostaldeko ekialdeko muturrean dago, Gipuzkoarekin mugan.
Oso ingurune maldatsuan dago eta, horregatik, nonahi ikus ditzakegu aldapa malkartsuak eta ibar estuak. Kostaldea bera harkaitzez jositako itsas-labarra da. Fraile haitza da guztietan aipagarriena.
Herri-egiturari dagokionez, erdiguneaz gain, Errenteria eta Gorozika auzoek osatzen dute udalerria, eta euskal portuen berezitasunak ageri ditu soziologiari nahiz kulturari dagokionez. Nabarmentzekoa da portura Santiago Calatrava arkitekto ezagunak egindako Zubi Berritik, Itsasaurreko Zubitik, sar gaitezkeela.
Alde zaharra
Ezbairik gabe, alde zaharra da herriko tokirik xarmagarriena, oso berezia baita. Erdi Aroko ukitua dauka eta karrika estu eta aldapatsuek osatzen dute, arrantzale-herrietan ohikoa den bezala. Kale horietan barrena abiatzen bagara, Zubi Zaharra ikusiko dugu Artibai ibaiaren gainean.
Alde zaharrean bertan dago XV. mendeko Likona dorrea. Gotorlekuen eredu klasikoa dauka, eta Euskadiko zaharrenetakoa da. 1462an, handik gertu eraiki zuten Andra Mari eliza gotikoa, haitz baten gainean.
Azpimarratzeko modukoak dira tenpluaren leihateak, kontrahormen erpinak eta fatxadako arrosa-leihoa, besteak beste. Ezin ahantz daiteke, era berean, udaletxe zaharra. Herriko gainontzeko etxeetatik ezberdintzen duen XIX. mendeko fatxada toskanarra dauka. Ibilbide kultural horren ostean, Arrigorri hondartzan atseden hartzea da onena. Handik, gainera, oinez joan gaitezke Mutrikuko Saturraran hareatzaraino.
Abuztuan joatea erabakiz gero, Andre Mariaren omenezko jaiez ("Andramaxek") goza dezake bisitariak. Hilaren 14an hasten dira "Leokadi" izeneko pertsonaiaren jaitsierarekin. Bukatu, aldiz, Arrantzale Egunarekin, jaietako egun handiarekin, egiten dira hilaren 17an. Egun horretan, herri guztia arrantzaleen arropa urdin tipikoekin janzten da.