Euskadi Basque Country
 
Euskadiko Turismo Ataria
euskadi.eus

NABARMENDUAK

 

Helmuga turistikoak

Herria

Mutriku

Gipuzkoako mendebaldeko muturrean dago Mutriku, Arno (628 m) mendiaren magalean. Antonio Gaztañeta eta Kosme Damian Txurruka itsasgizon entzutetsuen jaioterria da. XIII. mendean sortu zuten eta Erdi Aroko itxura eta antzinako harresiaren hondarrak mantentzen ditu oraindik.

Alde zahar historikoa monumentu multzo izendatu zuten 1995ean.

 

Karrika estu eta malkartsuetan barrena, XV, XVI eta XVII. mendeetako jauregi eta dorreak ikus ditzake bisitariak. Txurrukaren (Trafalgarreko gudako heroia) omenezko monumentua nagusi den plaza nagusian eraikin esanguratsu ugari daude: monumentu nazional izendatutako Jasokundeko Amaren eliza neoklasikoa, udaletxea eta Galdona jauregia, besteak beste. Era berean, nabarmentzekoak dira Zabiel eta Montalibet jauregiak, eta Gaztañeta eta Olazarra etxeak. 

 

Historia handiko portua

 

Mutrikuko portua Gipuzkoako zaharrenetakoa da. Arrantza izan da urte luzez herriko biztanleen jarduera nagusia. Garai batean, baleak arrantzatzen zituzten, eta egun oraindik herritar asko bizi dira arrantzutik eta arlo horrekin lotutako industrietatik. Bentalekua Museoan ikus daiteke herriak betidanik itsasoarekin izan duen harreman estu hori.

 

Ezin ahantz dezakegu Berdel Eguna ere. Apirileko lehen larunbatean egiten dute eta, izenak berak dioen bezala, berdela sustatzea eta arrain hori prestatzeko era ezberdinak ezagutaraztea du xede.

 

Ingurune paregabea

 

Ingurune natural ezin ederrago batean dago Mutriku. Laranga eta Galdona auzoetatik, esaterako, mendiko paisaia ederrak eta Gipuzkoako kostaldearen zati bat ikus daitezke. Astigarribia auzoan, berriz, XI. mendeko San Andres eliza dago, Gipuzkoako zaharrena. Barrualdean dagoen Olatz auzoan, bestalde, kobazulo eta karobi ugari daude. Inguruaren edertasunari esker, nabarmen egin du gora turismoak herrian.

 

Mutrikuko itsaslabarra euskal kostaldeko ederrenetakoa da. Itsas beheran, interesgarria da portutik Santurrarango hondartzaraino doan bidea ("Zazpi hondartzak" izenez da ezaguna) egitea. Bestalde, uztailean herria bisitatzea erabakitzen duenak "Malen" jai nagusiekin gozatzeko parada izango du. Horrez gain, azken aldian indar handia hartu dute irailean egiten diren "Kalbaixo" jaiek. Egun horietan, jende asko iristen da inguruko herrietatik.


Hedadura: 27.70
Biztanle-kopurua: 5021
Irisgarritasuna
Eskaintzak
Datu orokorretara itzultzea
Non
Euskadi, auzolana