Helmuga turistikoak
Herriak
Bizkaiko Itsasoko urek bustitzen dute Muskiz. Bizkaiko lurralde historikoaren mendebaldean dago, Barbadun ibaiaren arroan.
Kostaldeko udalerri eder honek paisaia liluragarriak eskaintzen ditu.
Arena hondartza eta ingurune malkartsua nagusi diren gune horretan, altxor natural ugari ditugu gozagarri. Horien artean, Itsaslur parkea nabarmendu dezakegu, kostaldean dauden Kobaron eta Pobeña auzoak batzen dituen pasealeku zoragarria, alegia.
Muskizek, ordea, txoko interesgarri gehiago ere baditu, ondare kultural esanguratsua baitauka. Hori dela eta, eraikin dotore askorekin egingo dugu topo. Muñatoizko gaztelua, adibidez, Erdi Aroko eraikin ikusgarria da eta garai hartara eramango gaitu une batez. Gune zoragarri hori aipatutako gazteluak, jauregi batek eta baseliza batek osatzen dute. Multzo osoa Monumentu Historiko-Artistiko izendatu zuten 1944an.
El Pobal burdinola, monumentu multzo interesgarria
Historia luzea duen El Pobal burdinolan jarrai dezakegu ibilaldia. XVI. mendekoa da eta burdingintzan ohikoak diren zenbait osagai mantentzen ditu. Alboan, izen bereko dorretxea ikus dezakegu. Atari nagusian puntu erdiko ataria eta Quadra leinuaren armarria ageri ditu.
Jai-egitarau aberatsa eskaintzen du Muskizek urte osoan. San Joan zaindariaren festa nagusiak, adibidez, ekainaren amaieran ospatzen dituzte. Era berean, oso garrantzitsuak dira inauteriak (otsailean) eta nekazaritza-azoka (irailean).