Mungiako udaletxea

Mungia

Helmuga turistikoak

Herriak

Haran lasai batean, kostaldetik gertu, eta Bilborekin eta Loiuko aireportuarekin oso ondo lotuta dago Mungia.

 

Hiriguneak eta berezko izaera duten bederatzi auzok osatzen dute udalerria. Bisitatzea merezi duten altxor arkitektoniko ugari daude Mungian. Arkitektura zibilari dagokionez, bi eraikin nabarmendu behar dira: udaletxea, elementu barrokoak eta gotikoak uztartzeaz gain puntu erdiko arkudun karrerapea daukan eraikina, eta bere historia luzean askotan eraberritu ostean egun kultur etxea hartzen duen Erdi Aroko Torrebillela dorretxea.

 

Baina Alkartasun Iturria ere monumentu adierazgarria da zinez. Torrebillelaren ondoan dago eta elkartasunaren, akordioaren eta elkarrizketaren ikurra da.

 

Ondare erlijiosoari dagokionez, XVI. mendean eraikitako San Pedro eliza gotikoa azpimarratu behar da. Hainbat aldiz zaharberritu dute. Udalerria osatzen duten gainerako auzoetan baseliza asko daude. Zumetzagako San Migel baseliza, esaterako, Jata (600 m) mendiaren magalean eta hariztiz inguratuta dagoen altxor erromanikoa da. Oinplano angeluzuzena dauka eta kanpoaldera arkibolta bikoitzak ageri dituen absideko baoa da bere elementurik azpimarragarriena.

 

Baserriak, zubiak eta errotak

XVI eta XVIII. mendeen artean eraikitako baserri asko daude Mungian. Landetxo Goikoa gailentzen da beste ororen gainetik. XVI. mendearen hasieran eraiki zuten eta Bizkaiko baserririk zaharrena omen da. Halaber, bi zubi erromaniko eta antzina irina ekoizteko erabiltzen zituzten ur-errotak (Olabarri, Erdizubi, Errotatxu eta Ugaldeko errota) ere ikus ditzakegu. Ingurune natural horretan, gainera, ugariak dira lur azpiko iturburuak eta erreka txikiak, Butroe ibaiaren adarrak.

 

Bestalde, Mungia ekainaren amaieran ezagutzea erabakiz gero, San Pedro jaiez gozatu ahal izango dugu, herriko festa nagusiez alegia. Musika-ikuskizunak, haur-jokoak, suak eta beste hainbat jarduera antolatzen dituzte egun horietan.

Datu interesgarriak

Hedadura
51.00 Km
Biztanle-kopurua
17,324

Ekitaldiak

Euskadi, auzolana