Mendexa | Euskadiko herriak eta hiriak | Turismoa Euskadi
Joan edukira
Mendexa

Mendexa

Helmuga turistikoak

Herriak

Bizkaiko itsasoaren urdintasunak eta mendien berdetasunak bat egiten dute Lea-Artibai eskualdeko baserri giroko herrixka honetan.

Lekeitiotik hiru kilometrora dago Mendexa, baserriz betetako tontor txiki batean, kostako panoramika zoragarriak eskaintzen dituen gune batean.

Zelaia erdigune txikiak eta Iturreta, Leagi eta Likona auzoek osatzen dute Mendexa. Herrigunean, elementu gotiko eta barrokoak dituen San Pedro Apostoluaren parrokia aipatu behar da. Kanpandorrea dauka fatxadan eta barnean, berriz, XIII. mendeko Andre Mariaren eskultura erromanikoa gailentzen da.

Herri-arkitektura Mendexako auzo ezberdinetan zehar barreiatutako baserriek islatzen dute. Likonan, adibidez, izen bereko XVI. mendeko baserria nabarmendu behar da, herriko zaharrena. Leagin, aldiz, XVIII. mendeko Gasparrena baserria dago eta arras ondo mantentzen da oraindik. Auzo honetan, ezin aipatu gabe utzi, era berean, XVI. mendeko Santa Luzia baseliza, Leagi dorretxea eta Lea-Goikoa jauregi neoklasikoa.

Karraspio eta padurak

Herriko elementu turistiko nagusiena, ordea, Karraspio hondartza da. San Nikolas uhartea dauka parean eta Bizkaiko kostaldeko hareatzarik politenetakoa da. Inguruan gainera, aisialdirako gune bat dauka.

Mendexako lurrak Lea ibaia itsasoratzen den lekuan hasten dira, hainbat hegazti migratzailek atseden hartzen duten Arropaingo paduran. Hantxe daude itsasgora eta itsasbeherarekin zebilen XVI. mendeko Marierrota errota zaharraren hondarrak. Aurrean, ibaiaren beste aldean, antzinako Leako ontziolak daude.

Gainerakoan, mendexarrek abuztu hasieran ospatzen dituzte herriko jaiak eta "Mahai Gaineko" dantza egiten dute. Izenak berak dioen bezala, bi dantzarik mahai baten gainean egiten dute dantza.

Datu interesgarriak

Hedadura
7.20 Km
Biztanle-kopurua
450

Ekitaldiak