Helmuga turistikoak
Herriak
Loiu Txorierri eskualdean dago, eta Bizkaiko aireportu bakarra duen udalerria izateaz harro dago. Horixe da azken urteetan eremu horretan izan den industrializazio prozesuaren elementu dinamizatzailea. Loiu erdigunean, Zabaloetxe auzoan, ekin diezaiokegu herriko zirrikituak ezagutzeko ibilbideari.
Plaza baten alboan, udaletxea, frontoia, San Pedro parrokia (elementu gotikoak dituen eraikina) eta kultura-aretoa ikusiko ditugu. Kanpoaldean txangoa eginez gero, berriz, San Migel ermita, XVIII. mendeko Larraburu jauregia eta hainbat landetxe ezagutzeko parada izango dugu. Bestalde, udalerriaren inguruetako paisaia ederrari erreparatuz gero, zenbait irin-errotarekin egingo dugu topo. Horien arten, Txitorreta, Errotatxu eta oraindik martxan jarraitzen duen Goiego azpimarra ditzakegu.
Loiura urriko hirugarren igandean joatea erabakiz gero, Gastronomia eta Artisautza Azoka ikusteko aukera izango dugu. Egun horretan, jaki eta artisau-produktuak jartzen dituzte erakusgai hainbat postutan.