Helmuga turistikoak
Herriak
Ingurune natural paregabea dauka, baserri zoragarriak han-hemenka dituela. Hirigunea ere xarmagarria da, eta, horrenbestez, udalerri hau zinez toki magikoa da. Araxes ibaiak bustitzen du udalerria, eta Muñobil mendia dauka inguruan. Gisa horretan osatzen da Tolosaldea eskualdeko ingurune zoragarri hau. Lizartzako hirigunea luzanga da, ibaiaren ibilbideari jarraitzen baitio. Harrizko zubi txiki bat gurutzatu eta erdigunetik ekin diezaiokegu txangoari, eraikin eder ugari baitaude bertan. Plazan, udaletxea eta Santa Katalina parrokia aurkituko ditugu. Eliza oso handia da eta, gainera, gainalde batean dago.
Elementu errenazentistak eta neoklasikoak uztartzen ditu, eta zenbait fasetan eraiki zutela erakusten du horrek. Gainera, dorre luze ikusgarri bat dauka, kanpandorre eta guzti. Elizatik hurbil, XVI. mendeko Madalena baseliza dago eta, erdigunetik zertxobait aparte, berriz, Sagrarioko Andre Mariaren ermitarekin egingo dugu topo. Bertakoek diotenez, XVII. mendean Flandestik ekarritako Ama Birjinaren irudia dago barruan.
Ingurune naturala
Ibilaldi interesgarri hori egin ostean, inguruan zehar ibil gaitezke, izadiarekin bat eginez. Baserri andana aurkituko ditugu zelai eta baso berdez inguratuta. Gune horretan, gainera, 1860. urteaz geroztik ur minerala botilaratzen duen enpresa ezagun batek ustiatzen duen iturburua dago. Bestalde, irailaren 8an hasten dira Lizartzan Andre Maria birjinaren jaiotza ohoratzeko jai nagusiak.