Helmuga turistikoak
Herriak
Lea-Artibai eskualdeko herri hau muinoz, kobaz eta simez jositako paisaia batez dago inguratuta, Bizkaiko kostaldearen ekialdean.
Udalerriaren hirigunea Elexalden badago ere, baserri sakabanatuz osatutako auzoak dira Ispasterreko ezaugarri nagusiak.
Udalerriko hirigunean bertan ekingo diogu ibilbideari, Elexalden. Han, San Migel parrokia ederra bisitatuko dugu, barruan sei erretaula dituen eraikin errenazentista. Gainera, hainbat ermita ere badaude Ispasterren, herriko arkitektura erlijiosoaren multzoa osatuz. Batetik, San Martin baseliza, mendixka baten gainean kokatuta; bestetik, Santiago ermita, gune bakarti batean kokatuta dagoen eraikin gotikoa, eta azkenik, Santa Cruz baseliza, Mendazona auzoko ermita.
Ispaster eta haren inguruak
Halaber, Aixeder errota ere ikusteko moduko eraikina da; egun, erroten arkitektura mantentzen badu ere, etxebizitza txiki bat eraiki da barruan. Ispasterretik Lekeitioko mugetara joz, Bizkaiko jauregirik ederrenetakoa aurkituko dugu: Zubieta jauregia, Lea ibaiaren alboan kokatutako eraikin barroko zoragarria.
Ondare historikoa osatzen duten eraikinak bisitatu ostean, Otoio (399 m.) mendian zehar ibilaldi atsegina egiteko aukera ere izango dugu, Bizkaiko kostaldearen bista paregabeekin gozatuz. Ogeiako hondartza ederrak, bestalde, paisaia liluragarria osatzen du.
Azkenik, herriko jai nagusiak uztailaren 25etik 27ra ospatzen dira, Santiago eta Santa Anaren omenez; azpimarratzekoak dira, era berean, San Martinen eta San Migelen omenezko festak.