Helmuga turistikoak
Herriak
Arabako udalerri atsegin hau hamaika herrik osatzen dute, eta altxor historiko harrigarri ugari gordetzen ditu. Gazeo herrian hasiko dugu gure ibilbidea. Bertan, San Martin Tourskoaren elizaz (XIII. mendekoa) eta barneko absideko margoez gozatuko dugu. Margo horiek ezkutatuta egon ziren 1967. urtera arte. Estilo gotikokoak dira, eta erlijio eszenak ispilatzen dituzte.
Artelan bikainak
Bestalde, Alaitzan, XIV. mendeko Jasokundearen Andre Mari eliza azpimarra dezakegu. Erdi Aroko borrokak irudikatzen dituzten margoak daude bertan eta, beraz, artearen zenbait alor ikasteko aukera bikaina izan daiteke. Iruraiz-Gaunaren ondare historiko ederra ezagutu ostean, udalerriaren ingurune natural zoragarriaz goza dezakegu, Iturrieta mendietara igota.
Jaiei dagokienez, ekainaren hasieran San Bitorren omenezko jaiak ospatzen dira Gaunan, eta antzinako ohitura bat ezagutzeko aukera izango du bisitariak. Izan ere, urtero, erlikia gisa zilarrezko ontzi batean gordeta daukaten San Bitor santuaren buru-hezurra izen bereko baselizara eramaten dute ureztatzeko eta, ondoren, ur hori edan egiten dute, dituen ustezko ahalmen sendagarriez baliatzeko.