Euskadi Basque Country
 
Euskadiko Turismo Ataria
euskadi.eus

NABARMENDUAK

 

Helmuga turistikoak

Herria

Irun

Iparralderekin mugan, Irun borroka epikoen agertokia izan da, eta horien ondorioz, bertako ondarearen zati handi bat hondatu zen. Nolanahi ere, 2.000 urte baino gehiagoko historia duenez, bisitatzeko moduko ondare arkitektonikoa du. Gainera, mendi ederrek, hala nola Aiako Harriak (837 m) eta Jaizkibel (545 m) mendiek, eta San Martzial tontorrak inguratzen dute udalerri hau.

Irunen bisitatzea merezi duten leku interesgarri asko daude. Alde zaharretik gertu dagoen Santa Elena baseliza, adibidez, gurtzarako lekua izan zen mende luzez, eta hainbat hondar arkeologiko aurkitu zituzten bertan. Junkal eliza dotorea, bestalde, Monumentu Historiko Artistiko izendatu zuten. Barruan, Junkaleko Ama Birjinaren irudi gotikoa dauka, Gipuzkoan dagoenik zaharrena. Ezin ahantz daiteke Urdanibia jauregi errenazentista ere.

Ondoren, San Martzial mendian bertako baseliza ikus dezakegu. Irungo gunerik ederrenetakoa da. Ermitaren alboan, Txingudiko badiaren bista zoragarriak eskaintzen dituen behatoki zoragarria topatuko dugu.

Plaiaundi Parke Ekologikoa, ingurune natural aparta

Inguruneari dagokionez, Aiako Harria nahitaez azpimarratu behar da, altxor ugari gordetzen baititu. Halaber, natura maite duen orok aukera paregabea dauka Plaiaundiko Parke Ekologikoan orotariko animaliak eta landareak ikusteko. Horrez gain, Konpantzia irla ere leku erakargarria da. Gune liluragarri horretan hitzaldiak egiten zituzten XVII. mendean.

Irun ekainaren amaieran bisitatzea erabakitzen duenak San Martzial jai tradizionalez gozatzeko aukera izango du. 1552an irundarrek frantsesen aurka lortutako garaipena ospatzeko ekainaren 30ean egiten duten alardea da egun horietako ekitaldi nagusia. Goizean goiz ekiten zaio alardeari, konpainia guztiak ondo jantzita eta, hiriko kaleak zeharkatu ostean, San Martzial mendira igotzen dira. Han, erromeria itzela egiten dute hiritarrek.
Hedadura: 42.80
Biztanle-kopurua: 60938
Irisgarritasuna
Eskaintzak
Datu orokorretara itzultzea
Non
Euskadi, auzolana