Helmuga turistikoak
Herriak
Bertako gaztaren kalitateak egin du ezagun Gipuzkoako lurralde historikoaren hegoaldean, Goierri eskualdean, dagoen herri hau. Ingurune natural ezin ederragoan dago, Aralar eta Aizkorri mendilerroen artean, 1.000 metro baino gutxiagoko mendiez inguratuta.
Gainera, oso ondo komunikatuta dago, Nafarroa, Araba eta Gipuzkoa lotzen dituen N-1 errepidea alboan baitauka. Hiriguneak eta Etxegaratera bidean, herritik kilometro gutxira, dagoen Urtsuaran auzoak osatzen dute udalerria.
Inguruko mendietan, han-hemenka sakabanatuta dauden baserri multzoen artean, Neolitoko eta Brontze Aroko monumentu megalitikoak topatuko ditugu: Atxurbi, Napalatza, Unanabi, Etxegarate, Bidarte eta Zorroztarri tumulu eta trikuharriak, esaterako.
Erdigunean, aldiz, San Migel parrokia gailentzen da. Estilo erromanikoa eta gotikoa uztartzen dituen XII eta XIII. mendeen artean egindako atea dauka. Ikustekoak dira, era berean, Indianoen jauregiak (Txomenarenea, Floreaga, Arraizenea...) eta XVII eta XVIII. mendeetako jauretxe dotoreak (Eztenaga, Maugia, Oiarbide...). Herriko plazan, euskal artzainaren omenez egindako monumentua dago, jarduera horrek inguruotan izan duen garrantziaren erakusgarri.
Idiazabalgo Gazta herriaren izena hartu du Idiazabal jatorri izendapena jaso duen gaztak. Mende luzez euskal artzainek erabilitako errezeta bera erabiliz egiten dute. Gutxienez bi hilabetez ondutako gazta da. Latxa ardien eta Karrantzako ardien esnearekin egiten dute. Idiazabalgo Gaztaren Interpretazio Zentroak era atsegin eta dibertigarrian erakusten dizkio bisitariari gaztaren historia eta belaunaldiz belaunaldi erabilitako ekoizpen prozesuak. Horrez gain, maiatzeko lehen igandean Gaztaren Eguna ospatzen dute herrian, jende asko erakartzen duen azoka handi batekin. Gipuzkoako, Bizkaiko, Arabako eta Nafarroako artzainek parte hartzen dute bertan.
Otsailaren hasieran ospatzen dituzte Idiazabalen San Blas zaindariaren omenezko jaiak. Hilaren 3an, gainera, anis zaporeko San Blas opilak bedeinkatzen dituzte. Idiazabalen ez ezik, Gipuzkoako beste hainbat herritan ere gogor mantentzen da antzinako ohitura hori.