Hernani

Hernani

Helmuga turistikoak

Herriak

Donostia hiriburutik 10 km-ra, Santa Barbara mendiaren oinetan dago Hernani; bertatik, Urumea ibaiaren ibarraren zati handi bat ikus daiteke.

Urumea ibaiak zeharkatzen du udalerria iparretik hegora, eta inguruko erreka guztietako urak jasotzen ditu.Hiriguneaz gain, 10 auzok osatzen dute Hernani. Mendiz inguratuta dago, eta hainbat baserri, baseliza, eliza eta aztarna megalitiko (trikuharriak, tumuluak eta cromlechak) aurki ditzakegu bertan, kultur ondasun izendatuak guztiak.

Alde zaharra, monumentu multzoa

XX. mende hasieratik garrantzia handia izan du industriak Hernanin. Halere, antzinako monumentu historiko ugari mantentzen ditu oraindik. Garai batean harresiz inguratuta egon zen alde zaharrak forma obalatua dauka, eta monumentu multzo izendatuta dago. Muino batean dago, Urumea ibaiaren gainean, eta nabarmentzeko moduko hainbat eraikin eta leku daude bertan: San Joan Bataiatzailearen eliza (XVI. mendea), udaletxea eta Gudarien enparantza edo antzinako Plaza Nagusia, besteak beste.

Gipuzkoa barnealdetik igarotzen den Donejakue Bidean dago Hernani. Ibilbide horretan, Fagollaga zubia eta Gurutze Santuaren santutxoa bezalako monumentu ikusgarriak aurki ditzakegu. Santa Barbara baseliza ere nahitaez azpimarratu behar da. Urumea eta Oria haranen panoramika paregabeak eskaintzen ditu.

Chillida-Leku Museoa

Jauregi auzoan, Zabalaga lursailean, dago Chillida-Leku Museoa. Eduardo Chillida eskultore handiaren ibilbidea erakusten du. Hiru eremutan bereizita dago. Batetik, 12 hektareako lorategi ederrean, aire librean, 40 eskultura baino gehiago daude. Bestetik, zerbitzuen eremua dago. Auditoriuma, atseden hartzeko gune bat eta denda daude bertan. Zabalaga baserria da, ordea, museoaren muina. Material ezberdinak erabilita eskultoreak egindako neurri txikiko lanak daude ikusgai bertan.

Ekainaren 23tik 27ra ospatzen dira Hernanin San Joan Bataiatzailea zaindariaren jai nagusiak. Ekitaldiz betetako egitarau oparoa prestatzen dute. Gainera, egun horietan "Azeridantza" ikusteko parada dago. Inauterietan ere egiten dute. Gainera, udalerri hau ezaguna da sagardoa tradizionalki egiteagatik; horrek, hain zuzen, bisitari asko erakartzen ditu.

Datu interesgarriak

Hedadura
42.00 Km
Biztanle-kopurua
19,285

Ekitaldiak

Euskadi, auzolana