Helmuga turistikoak
Herriak
Bizkaia lurralde historikoaren kostaldean dago Getxo, Uribe eskualdean.
Honako bost auzoek osatzen dute, gainera, udalerria: Andra Mari, Algorta, Areeta, Neguri eta Erromo. Halaber, Abra badiak inguratuta ageriko zaigu herria, eta hondartza zein itsaslabar ikusgarriekin, hamar kilometro luze den itsasertzeko paisaia ederra eskainiz.
Hala, Punta Galea izeneko pasealeku zoragarrian zehar Getxotik Sopela arteko ibilbidea egin dezakegu, itsaslabarren edertasunaz gozatuz eta Aixerrotako Errota zein Galeako gotorlekua (XVIII. mendeko eraikina) bisitatuz.
Halako paisaiei esker, ur-kirolak egin daitezke Getxon; piraguismo-ikastaroak eta urpean igeri egiten ikastekoak antolatzen dituzte, baita itsasontzi-irteerak ere, inguruko kostaldea ezagutzeko. Gainera, abenturazaleek eskalada, arroila-jaitsiera eta beste hainbat kirol probatu ahal izango dituzte.
Eraikin historikoak eta ingurune naturalak
Bestalde, Getxoko bestelako erakargarriak ikusteko hainbat ibilbide egin ditzake bisitariak. Santa Ana baselizan ekin diezaiokegu txangoari, Bizkaiko neogotikoaren adibide zaharrenetarikoa baita. Ondoren, Mesedetako Ama Birjinaren elizara joango gara; han, lau teklatu dituen organo deigarria ikusiko dugu. Andra Mari elizak, bestalde, XVIII. mendeko elementu barroko ikusgarriak ditu. Hurrengo geldialdia Zugatzarte pasealekuan egin genezake; bertan, Txurruka jauregia eta Bake Eder luxuzko etxea nabarmen ditzakegu.
Udalerri honetako beste edertasunetako bat Bizkaiko Zubia da, Getxo ea Portugalete batzen dituen eta ikuspegi zoragarria eskaintzen digun Monumentu Historiko-Artistikoa.
Bestalde, herriko Portu Zaharra, haren kale estu eta arrantzaleen etxe tradizionalekin, udalerrian arrantzak izan zuen garrantzi handiaren erakuskarri izango zaigu. Getxoko Kirol portuak, bestetik, aisialdirako eskaintza oparoa jarriko digu eskura. Horretaz gain, herriko parkeak eta aisialdirako gune zabalak kultur eta kirol ospakizun garrantzitsuen egoitza bihurtzen dira urtean zehar. Batetik, Nazioarteko Folklore jaialdiak ospe handia hartu du, baina horretaz gain, jazz eta blues doinuek ere tarte berezia izaten dute Getxoko kultur egitarauan.