Helmuga turistikoak
Herriak
Gipuzkoan dago Eskoriatza, Leintz bailaran, Debagoienean. Erakargarri egiten duten elementu ugari ditu: arkitektura ondare oparoa eta mendi-ibiliak, eskalada eta parapentea bezalako kirolak egiteko gune natural ederrak. Hirigune nagusiak eta zazpi elizatek (Marin, Zarimutz, Mazmel, Bolibar, Apotzaga, Mendiola eta Gellano) osatzen dute Zaraia eta Elgea mendilerroek inguratzen duten udalerria. Landa giroko auzoak dira eta urteen joan-etorrian berezko izaera eta xarma gordetzen jakin dute.
Hirigunea, berriz, Aranburuzabala eta Arana kaleen inguruan dago. Herri arkitekturaren adibide garbiak ikus ditzakegu bertan: egurrezko egitura duten harlangaitzezko etxeak, esaterako. Horietako batzuek, gainera, harlanduzko elementuak dituzte lehen solairuan. Bi kale nagusiek bat egiten duten lekuan plaza nagusia dago eta, handik hurbil, San Pedro parrokia ederra eta udaletxea. Azken hori harlanduz egin zuten XIX. mendean, eta hiru arkudun ataria dauka. Udaletxearen alboan, Eskoriatzako Museo Eskola ageri da. Historiaurretik aro digitalerako bilakaera erakusten du, era atsegin eta dibertigarrian, tailerrak erabilita. Errosario Santuko Ospitalea ere eraikin bikaina da. Monumentu Historiko-Artistiko izendatu zuten eta Mondragon Unibertsitatearen egoitza da egun. Horrez gain, Zubiate labea ikustea ere interesgarria izan daiteke. Eusko Jaurlaritzak Kultur Ondasun izendatutako labe hori XIX. eta XX. mendeetan eguneroko zeramika piezak egiteko erabili zuten.
Elizateetan barrena ibilaldiak
Hainbat ibilaldi egin daitezke Eskoriatzako landa giroko auzoak ezagutzeko. Antzina Gipuzkoa, Araba eta Nafarroa lotzen zituen trenaren bideak, esaterako, Leintz Gatzagarako noranzkoan dauden Marin, Mazmela eta Zarimutz elizateak zeharkatzen ditu. Elizate horietan, Isasi baserria, San Bartolome baseliza eta San Pedro parrokia nabarmentzen dira, hurrenez hurren. Bolibar auzoan ere bisitaria liluratuta utz dezaketen lekuak daude: Zaraia mendilerroan topatutako monumentu megalitikoak, Santa Kruz ermita, Aitzorrotz mendiaren tontorrean dauden XII. mendeko gaztelu baten hondarrak eta egurrezko ganga eder bat duen San Pedro baseliza mendi horren magalean. Tontor horretatik parapentean jauzi egin daiteke; Axtroki inguruak, berriz, eskalada atsegin duten pertsona asko hartzen ditu. Apotzagan, azkenik, Anboto eta Udalaitz mendien ikuspegi ederrez gozatzeko aukera dugu. Elizate horretan aparteko aipamena merezi dute zirkulu-formako hilerriak eta inguruko baserri multzoak.
Bestalde, ekainaren amaieran San Pedro jaiak ospatzen dituzte Eskoriatzan eta, egun horietan, musika eta giro ona izaten dira nagusi. Aitzorrotzeko eguna ere ezin dugu ahaztu. Maiatzeko lehen igandean izaten da, eta erromeria berezia egiten dute Santa Kruz baselizara.