Helmuga turistikoak
Herriak
Eibar Ego ibaiaren ertzean dago, eta hiri industriala eta merkataritza jarduera bizikoa da.
Debabarrenean dago, Bizkaiarekin mugan, eta Arrate-Akondia-Urko mendi ederrez inguratuta iparraldean eta Laupago-Galdaramiño-Illordo mendiez inguratuta hegoaldean.
Guztira, landako bost auzo ditu (Otaola, Aginaga, Arrate, Mandiola eta Gorosta) eta horiek kontraste handia egiten dute hirigunearekin. Armaginen herria izan da betidanik Eibar. Egun, Debabarrena eskualdeko hiririk handiena da biztanle kopuruari dagokionez.
Bizia da oso, industriaz gain saltoki eta merkataritza-guneak dituelako. Horrez gain, monumentu historiko artistiko asko daude Eibarren, XVI. mendeko San Andres parrokia (Errenazimentu garaiko erretaula ederra dauka), Unzueta dorretxea, Marleskua jauregia eta udaletxea, besteak beste.
Arrateko Santutegia
Dena den, hirigunetik 8 kilometrora dagoen Arrateko Amaren Santutegia da, ezbairik gabe, Eibarko lekurik ospetsuena. Nabe bakarreko eliza gotikoa da eta, barruan, Ignacio Zuloaga margolariaren lau mihise ikus daitezke. Zuhaitzak, mahaiak eta iturriak dituen berdegune zabala dago Santutegiaren ondoan. Urko (793 m) eta Kalamua (768 m) mendietara ibilaldiak egiteko abiapuntua da. Urtean zehar hainbat jai antolatzen dituzte Eibarren.
Festa nagusiak San Joan zaindariaren omenez egiten dituzte ekainean. Suaren inguruan ospatzen dituzte eta inguruko herrietako jende asko joan ohi da bertara. Halere, badira beste jaiegun garrantzitsu batzuk: San Blas eta San Andres, adibidez. Lehenengoa otsailaren 3an ospatzen dute. Egun horretan ohikoa da San Blas opila jatea. San Andres, aldiz, azaroaren 30ean izaten da, eta azken urteotan ospe handia hartu du egun horretan egiten den nekazaritza eta abere azokari esker.