Euskadi Basque Country
 
Euskadiko Turismo Ataria
euskadi.eus

NABARMENDUAK

 

Helmuga turistikoak

Herria

Bergara

Gipuzkoako lurralde historikoaren mendebaldeko muturrean dago Bergara, Debagoiena eskualdean. Gipuzkoako bigarren udalerririk handiena da eta 13 auzo ditu. Gainera, komunikazio-gune garrantzitsua da, autoa hartu eta ordubete baino gutxiago behar baita Donostiara, Bilbora edo Gasteizera iristeko.

 

Mendi berdez inguratuta dago eta egun industriak eta zerbitzuek pisu handia dute herrian. Dena den, Bergarak harro begiratzen dio iraganari; merkatarien bilgune izan zen Erdi Aroan eta hezkuntza zentro garrantzitsuak eraiki zituzten bertan Ilustrazio garaian (XVIII). Mende bat geroago, gerra karlisten lekuko izan zen eta Bergarako Besarkada, lehenengo karlistadari amaiera eman zion ituna, izenpetu zuten. Dudarik gabe, Euskal Herriko historiaren pasarterik garrantzitsuenetakoa izan zen.

 

Urteen joan-etorrian, oso ondo mantendu du Bergarak erdigune historikoa. Elizak eta eraikin dotoreak ikus ditzakegu bertan, Ariznoako San Pedro eliza, Olaso dorrea eta Egino-Mallea eta Irizar jauregiak, besteak beste.

 

Ibilbideak eta jaiak

 

Hirigunea alde batera utzita, aisialdirako hainbat toki daude udalerrian. Bergarako ingurune ederraz gozatu nahi duen orok ibilaldi ugari egin ditzake: tumuluen bidea, Deba eta Urola haranak banatzen dituen mendilerrotik igarotzen dena eta antzinako trenbidearen ibilbidea, Osintxuraino doana (Soraluzera ere irits gaitezke).

 

Jai egitarau oparoa dauka Bergarak. Bitorianatxo pertsonaia ezagunak ematen die hasiera Mendekoste jaiei, Pazko egunetik 49 egunetara. Gainera, uztailaren hasieran, San Martzial erromeria ospetsua egiten dute. Beste hiru hitzordu ere ezin ahantz ditzakegu: erramu-zapatuko eta San Martin eguneko azokak eta Elosuko abere azoka.


Hedadura: 77.05
Biztanle-kopurua: 14637
Irisgarritasuna
Eskaintzak
Datu orokorretara itzultzea
Non
Euskadi, auzolana