Balmaseda | Euskadiko herriak eta hiriak | Turismoa Euskadi
Joan edukira
Balmaseda

Balmaseda

Helmuga turistikoak

Herriak

Erdi Aroko eta trenbideetako kutsuarekin, Balmasedak kultur ondare zabala eta askotarikoa du.

Gainera, bertako parajeak mendiz, basoz eta ibaiez beteta daude; horiei esker, hamaika planez goza daiteke aire zabalean.

Erromes eta merkatari askoren bilgune, mendeetan zehar merkataritzak eta artisautzak garrantzi handia izan dute Bizkaiko lehen hiribilduan. Urteen joan-etorrian, hainbat kulturek bat egin dute herrian eta hori nabarmen islatzen da egun Balmasedan ospatzen dituzten usadio eta jaietan.

Balmasedan, azpimarratzeko modukoa da ondare kultural oparoa. Bi elizek piztuko dute bisitarien arreta: San Severino, XV. mendekoa, eta San Joan, Kadagua ibaiaren ezkerreko ertzean eraikitako tenplu gotikoa. Horrez gainera, merezi du Santa Klara komentua eta Urrutia eta Horcasitas jauregiak ikustea. Handik, La Muza (Zubi Zaharra) dorretxo bat duen zubira joko dugu. Antzina, aduana zegoen zubi horretan, eta merkantziak edota pertsonak leku batetik bestera igarotzeko bidesaria ordaindu behar zen. Bestalde, erdigunetik kanpo badago zer ikusi Balmasedan.

Balmasedako ehungintza lantegi ezagunak utzitako industria ondare baliotsua zabaltzea du helburu Boinas La Encartada Museoak. Lantegi hori Balmasedaren kanpoaldean eta Kadagua ibaiaren ertzean sortu zen 1892an, eta handik mende batera itxi zuten. Bertan, artilezko gaiak -txapelak gehienbat- egiten zituzten, eta, hori berreskuratu nahian, lantegia museo bihurtzeko egitasmoari ekin zioten.

Inguruko paraje ederretan ibilbideak egiteko aukera du bisitariak. Oso ezaguna da, esaterako, Kolitza (879 m) mendira daraman bidea. Oiz, Gorbeia, Sollube eta Ganekogorta tontorrekin batera, Bizkaiko bost deiadar mendietako bat dugu Kolitza.

Tradizioak eta jaiak

Herriko jai jendetsuenak San Severino festak dira, eta jaiotako ekitaldi nagusia Balmasedako Putxera tradizionalen lehiaketa dugu. Roblako treneko makinistek indabak prestatzeko erabiltzen zuten sistema ekartzen dute gogora bertan. Era berean, oso ezagunak dira Aste Santuan egiten dituzten prozesioak (batez ere, herritarrek beraiek antzezten duten Gurutze-Bidea) eta Erdi Aroko azoka. Azken horretan, ezin hobeto girotzen dute Balmaseda, garai hartako kutsua emateko. 

Datu interesgarriak

Hedadura
22.30 Km
Biztanle-kopurua
7,673

Ekitaldiak